Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Agindutako lurraldean herriak sartu nahi ez

1. Orduan, israeldar elkarte osoa oihu batean hasi zen eta gau osoa negarrez eman zuen.

2. Israeldar guztiak marmarrean hasi ziren Moisesen eta Aaronen kontra, esanez: «Ai, Egipton edo basamortu honetan bertan hil izan bagina!

3. Zertan ekarri gaitu Jaunak lurralde honetara: gu gerran erortzeko eta gure emazte eta seme-alabak gatibu bihurtzeko? Ez ote genuke hobe Egiptora itzuli?»

4. Eta honela ziotsoten elkarri: «Buruzagi bat izendatu eta itzul gaitezen Egiptora».

5. Moises eta Aaron lurreraino ahuspeztu ziren israeldar elkarte osoaren aurrean.

6. Nunen seme Josuek eta Jefuneren seme Kalebek, lurraldea ikertzen ibilitako taldekoek, jantziak urratu zituzten, nahigabeturik,

7. eta esan zieten israeldar guztiei: «Ikertzen ibili garen lurraldea aparta da!

8. Jauna aldeko badugu, hara eramango gaitu eta emango digu. Esnea eta eztia darizkion lurraldea da.

9. Baina ez zaitezte Jaunaren aurka errebelatu! Ez izan lurralde hartako jendearen beldur, ogia bezala irentsiko baititugu. Urrundu egin zaie beren jainkoen geriza; guk, berriz, geurekin dugu Jauna. Ez izan beldur!»

10. Halere, israeldar elkarteak bi haiek harrikatzeko asmoak zerabiltzan; hartan, Jauna aintzaz beterik agertu zitzaien israeldar guztiei elkarketa-etxolaren gainetik.

Moises Jaunari barkamen eske

11. Jaunak esan zion Moisesi:—Noiz arte jarraitu behar ote du herri honek ni mespretxatzen? Noiz arte bizi behar ote du nitaz fidatzen ez dela, beronen aurrean hainbat mirari egin arren?

12. Izurriz joko ditut eta lurralde-ondarea kenduko, eta horiek baino herri handi eta ahaltsuagoa sorraraziko dut zuregandik.

13. Baina Moisesek erantzun zion Jaunari:—Egiptoarrek badakite zeure ahalmenaz atera duzula herri hau beraien artetik,

14. eta halaxe kontatu diete Kanaan lurraldekoei. Hauek ere badakite zu gure herriaren erdian bizi zarela eta aurrez aurre ematen zatzaizkiola ikustera, zeuk babesten eta gidatzen duzula, egun-argiz laino-adarrean, gauez su-adarrean.

15. Bat-batean herri hau hilarazten baduzu, zure ospearen berri duten atzerritarrek esango dute:

16. «Jauna ez da gauza izan hitzeman zion lurraldera herri hau eramateko; horregatik sarraskitu ditu basamortuan».

17. Beraz, Jauna, erakutsi orain zeure ahalmena, honela hitzeman baitzenigun:

18. «Jauna, haserregaitza eta onginahiz betea, gaiztakeria eta errebeldia barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen duena hirugarren eta laugarren belaunaldiraino».

19. Zeure maitasun neurrigabeari dagokionez, barkatu herri honi bere gaiztakeria, Egiptotik honaino halako eroapena agertu diozunez gero.

20. Jaunak erantzun zion:—Bai, barkatzen diot, zuk eskatu bezala.

21. Baina, hori bai, bizi naizen honengatik eta lurra betetzen duen neure aintzarengatik, zin dagit

22-23. ez duela arbasoei hitzemandako lurraldea ikusiko mespretxatu nauten horietako inork, Egipton eta basamortuan nire aintza eta mirariak ikusi arren, behin eta berriro ni auzitan jarri eta desobeditu egin baitidate.

24. Baina Kalebek besteek ez bezalako barrua du eta guztiz leiala izan zait; horregatik, Kaleb neure zerbitzaria bakarrik eramango dut ikertzen ibili den lurraldera, eta haren ondorengoak izango dira bertako jabe;

25. baina lautadan amalektarrak eta kanaandarrak biziko dira. Zuei dagokizuenez, bihartik bira egin eta basamorturantz joko duzue, Itsaso Gorrirantz.

Jaunak herria zigortu

26. Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:

27. «Noiz arte jardun behar du zorigaiztoko herri honek nire aurka marmarrean? Entzun dut, bai, israeldarrek nire aurka diharduten etengabeko marmarra.

28. Esaiezu, bada: Hau dio Jaunak: Ala ni Jauna! Zeuei entzunaren arabera tratatuko zaituztet.

29. Izen-bilketan hogei urtez gorako zinetenon gorpuak basamortu honetan geldituko dira luze, nire kontra marmarka jardun duzuelako.

30. Jefuneren seme Kaleb eta Nunen seme Josue salbu, ez da zuetako inor sartuko, bertan ezarriko zintuztedala aginduz hitzeman nizuen lurraldean.

31. Eramango ditut, ostera, zuen seme-alabak, gatibu eroriko zirela zeniotenak, zuek gutxietsi duzuen lurraldera, hartaz gozatzeko.

32. Zuen gorpuak, berriz, basamortu honetan geldituko dira;

33. zuen seme-alabak harat-honat ibiliko dira basamortuan berrogei urtez, zuek guztiok hil arte. Horrela, zuen desleialkeriaren ondorenak jasan beharko dituzte.

34. Lurraldea ikertzen berrogei egun eman bazenituzten, berrogei urte eman beharko dituzue zeuen erruak ordaintzen: eguneko urtea. Horrela ikasiko duzue zer dakarren niri aurka egiteak.

35. Nik, Jaun honek, zin dagit. Hala tratatuko dut nire aurka bat etorri den zorigaiztoko elkarte hau: basamortuan akituko dira eta hilko».

36. Moisesek lurraldea ikertzera bidali eta itzuleran, lurraldeaz gaizki-esaka jardunez, haren kontra elkartea berotu zutenak

37. heriotza ikaragarriz hilarazi zituen Jaunak, lurraldeari izen txarra jarri ziotelako.

38. Lurraldea ikertzera joan zirenetarik, Nunen seme Josue eta Jefuneren seme Kaleb bakarrik gelditu ziren bizirik.

39. Moisesek Jaunak erabakitakoa adierazi zienean, dolu handia egin zuten israeldarrek.

Israel herriak berriro desobeditu

40. Biharamun goizean, israeldarrek mendialdera igo nahi zuten, esanez: «Bekatu egin dugu, bai! Baina orain prest gaude Jaunak esandako tokira joateko».

41. Moisesek esan zien: «Zertan ari zarete? Jaunaren aginduari ezentzun egiten diozue eta ez duzue arrakastarik izango.

42. Ez zaitezte joan, Jauna ez baita zuekin; etsaiek hondatu egingo zaituztete.

43. Aurrean zain dituzue amalektarrak eta kanaandarrak; haien ezpataz hilko zarete, utzi egin baituzue Jauna eta ez baitago jadanik zuekin».

44. Haiek, ordea, mendialdera igotzen lehiatu ziren. Baina ez Jaunaren itun-kutxa, ez Moises, ez ziren kanpalekutik mugitu.

45. Jaitsi ziren amalektarrak eta kanaandarrak mendialdetik eta garaitu egin zituzten eta porrokatu, Hormaraino pertsegituz.