Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 11:21-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Orduan, Moisesek esan zion:—Nirekin datorren herri honi, seiehun mila gizon izanik, hilabete osorako haragia emango diozula diostazu?

22. Ganadu guztia hilda edo itsasoko arrain guztiak bilduta ere ez lukete aski izango!

23. Jaunak erantzun zion:—Nire eskua hain laburra dela uste al duzu? Orain ikusiko duzu esana betetzen den ala ez.

24. Etxolatik irtenda, Jaunak esana kontatu zion Moisesek herriari. Gero, hirurogeita hamar herri-arduradun israeldarrak bildurik, etxola inguruan jarri zituen.

25. Orduan, Jauna jaitsi zen lainoan eta Moisesekin mintzatu zen; gero, Moisesek zuen espiritutik hartu eta hirurogeita hamar herri-arduradunei isuri zien. Espiritua haiengan kokatu orduko, profeta gisa hasi ziren mintzatzen, baina ez zuten jarraitu.

26. Bi gizaseme, bata Eldad izenekoa eta bestea Medad, hirurogeita hamarren taldekoak izan arren, ez ziren etxolara joan, baizik eta kanpalekuan gelditu ziren. Baina kokatu zen espiritua haiengan ere eta profeta gisa hasi ziren mintzatzen.

27. Orduan, mutiko bat korrika joan zitzaion Moisesi, esatera:—Eldad eta Medad profeta bezala mintzatzen ari dira kanpalekuan.

28. Nunen seme Josuek, gaztetandik Moisesen laguntzaile zenak, esan zuen:—Ene jaun Moises, galaraz iezaiezu!

29. Moisesek ihardetsi zion:—Niregatik jeloskor? Nahiago nuke herri osoa profeta bihurtzea, Jaunak bere espiritua denei ematea!

30. Gero, kanpalekuan bildu ziren Moises eta Israelgo herri-arduradunak.

31. Jaunak haizea atera zuen, eta haizeak, itsasaldetik joz, galeper-multzoa ekarri eta kanpaleku inguruan bota zuen: egun bateko bidea adinako luze-zabala estali zuten galeperrek kanpalekuaren inguru osoan, metro bat lodiko galeper-piloa zegoelarik.

32. Egun eta gau osoa eta biharamun osoa eman zuen herriak galeperrak biltzen. Gutxien jaso zuenak hamar gurdikada bildu zuen. Eta kanpalekuaren inguru osoan ezarri zituzten, lehortzeko.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 11