Itun Zaharra

Itun Berria

Zakarias 14:13-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Egun hartan, Jaunak bidalitako beldur-ikara larriak hartuko ditu: batek lagunari eskua ematean, besteak ukabilkada emango dio.

14. Judako jendeak ere Jerusalemen alde egingo du borroka. Inguruetako herrien aberastasunak bereganatuko dituzte: zilar, urre eta soinekoak ugari.

15. Lehen aipatu den zigor berbera jasango dute zaldi, mando, gamelu, asto eta etsaien guda-etxoletako beste abere guztiek.

16. Jerusalemi eraso egin zioten herrietan bizirik geldituak, urtero-urtero etorriko dira errege Jaun ahalguztiduna gurtzera eta Etxola Jaia ospatzera.

17. Jauna gurtzera Jerusalemera igoko ez den herriak ez du euririk hartuko bere lurraldean.

18. Egiptoarrak ez badatoz, Jaunak zigortu egingo ditu, Etxola Jaia ospatzera ez datozen beste atzerritarrak bezala.

19. Horixe izango da Egiptorentzat eta Etxola Jaia ospatzera ez datozen herri guztientzat zigorra.

20. Egun hartan, zaldien txilinek ere hauxe eramango dute idatzita: «Jaunari sagaratua»; aldare aurreko isipu-ontziak bezain sakratu izango dira tenpluko galdarak.

21. Jerusalem eta Judako galdara guztiak Jaun ahalguztidunari sagaratuak egongo dira. Sakrifizioak eskaintzera etorriko diren guztiek galdara hauetan egosiko dute opari-okela. Egun hartan ez da gehiago merkataririk izango Jaun ahalguztidunaren etxean.

Irakurri kapitulu osoa Zakarias 14