Itun Zaharra

Itun Berria

Salmoak 78:1-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Asafen poema.Entzun, ene herri, nire irakaspena,makur belarria nire esanetara.

2. Alegia bidez mintzatuko naiz,lehengo garaien ikasbideak azalduz.

3. Guk entzun eta jakindakoak, gurasoek kontatu zigutena,

4. Jaunaren egintza goresgarriak,haren garaipena eta egin dituen mirariakez dizkiegu ezkutatuko geure haurrei,baizik eta datorren belaunaldiari kontatuko.

5. Xedapenak ezarri zizkion Jakoben herriari,legea eman Israeli:hauek beren haurrei irakasteko agindu zien gure gurasoei,

6. hurrengo gizaldiek, geroko haurrek, jakin zitzaten;eta hauek, beren aldetik, beren ondorengoei kontatuko zieten.

7. Horrela, Jainkoarengan jarriko zuten konfiantza;haren egintza handiak ahaztu gabe,haren aginduak beteko zituzten.

8. Ez ziren izango beren gurasoen antzeko:jende ez-esaneko eta errebeldea,gizaldi bihotz-arina, Jainkoarekiko barru desleialekoa.

9. Efraimen leinuko arkulariek, ongi armaturik egon arren,bizkarra erakutsi zuten guda-egunean;

10. izan ere, Jainkoaren ituna ez zuten gorde,ez zioten haren legeari jarraitu nahi izan;

11. ahaztu egin zituzten haren egintza handiak,hark erakutsi zizkien mirariak.

12. Mirariak eginak zituen haien gurasoen begi aurreanEgipton, Tanisko lurraldean.

13. Itsasoa erdibi egin zuen haiek pasatzeko,horma bat bezala urei tinko eutsiz.

14. Lainoaz gidatu zituen egunez, su-argiz gauez.

15. Basamortuan harkaitza zulatu zuen,lurpeko uretatik edanarazteko.

16. Harkaitzetik ur-lasterrak atera zituen,ura ibaika isurarazi.

17. Baina haiek Jainkoaren kontra bekatuan jarraitu zuten,basamortuan Goi-goikoaren aurka altxatu ziren.

18. Jainkoa probatu nahi izan zuten,gogoak ematen zien jatekoa eskatuz.

Irakurri kapitulu osoa Salmoak 78