Itun Zaharra

Itun Berria

Salmoak 19:2-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Zeruek Jainkoaren aintza kontatzen dute,ortziak haren eskuen lana adierazten.

3. Egun batek besteari mezua ematen dio,gau batek besteari jakinarazten,

4. mintzorik eta hitzik gabe:entzun ezinekoa da haien ahotsa.

5. Lurbira guztira zabaltzen da haien hotsa,munduaren bazterreraino haien hizkera.Han ipini dio Jainkoak egoitza eguzkiari.

6. Senarra ezkontza-gelatik bezala irteten da,atleta gisa, bere lasterketa egitera pozik;

7. zeru-ertz batetik irten eta beste ertzeraino haren itzulbira:haren berotik ezin libratu ezer!

8. Jaunaren hitza ezin hobea: gizakia arnasberritzen du;Jaunaren manamendua fidagarria: heldugabea zuhurrarazten du;

9. Jaunaren legeak zuzenak, bihotzaren pozgarri;Jaunaren agindua distiratsua, begien argigarri.

10. Jaunaren promesa garbia: betiko dirau;Jaunaren erabakiak egiazkoak: den-denak bidezkoak;

11. urrea baino desiragarriago, urre araztua baino ere bai;eztia baino gozoago, ezti berria baino ere bai.

12. Zure morroi honek haietan du argia,benetan onuragarri haiek betetzea.

13. Nork ezagutu bere hutsegiteak?Aska nazazu oharkabeko erruetatik.

14. Zaindu nazazu harrokeriatik: ez dakidala nagusitu;horrela, akats gabe izango naiz, bekatu larritik libre.

15. Har itzazu atseginez nire gogoeta eta hitzak,oi Jauna, ene harkaitz eta babesle!

Irakurri kapitulu osoa Salmoak 19