Itun Zaharra

Itun Berria

Rut 4:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Booz herri-sarrerako plazara joan eta bertan eseri zen. Hain zuzen, orduantxe pasatu zen handik Elimeleken ahaiderik hurbilena, Boozek Ruti aipaturikoa. Dei egin zion Boozek:—Adizu, adiskide, zatoz hona eta eseri!Joan zen hura eta eseri egin zen.

2. Boozek, orduan, herriko hamar nagusi hartu zituen lekuko eta han esertzeko erregutu zien. Eseri zirenean,

3. esan zion Boozek bere ahaideari:—Noemi Moab lurraldetik etorria da eta gure ahaide Elimelekena zen soroa saldu nahi du.

4. Honen guztiaren berri jakinarazi nahi nizun. Beraz, soroa zeuretzat nahi baduzu, erostazu hemen herriko nagusi eta gainerako guztien aurrean. Nahi ez baduzu, esan, zuk baituzu lehentasuna erosteko, eta ondoren nik.—Erosiko nuke, bai —esan zuen hark.

5. Boozek, orduan:—Ongi! Baina Noemiri soroa erosten badiozu, Rut moabdar alarguntsarekin ezkondu ere egin beharko duzu. Honela, berarengandik jaiotako seme-alabek hildakoaren jatorria iraunaraz dezakete eta haren oinordea gorde.

6. Hark erantzun zuen:—Horrela bada, uko egiten diot soroa erosteko eskubideari. Ez diet neure seme-alabei neure oinordea hondatu nahi. Erostazu zeuk, nik ez dut erosi nahi.

7. Israelen, antzina, jabegoa erosi edota jabego-eskubidea eskuz aldatzen zenean, honela egin ohi zen: saltzaileak oinetako bat erantzi eta erosleari ematen zion. Hala jokatu ohi zuten israeldarrek, auzia erabakia zegoela adierazteko.

8. Beraz, gizon hark, Boozi «Erostazu zeuk» esan zionean, oinetako bat erantzi eta Boozi eman zion.

9. Orduan, Boozek herriko nagusiei eta han zeuden guztiei esan zien:—Gaur lekuko zaituztet, nola erosten diodan Noemiri Elimelekena eta Kilion eta Mahlonena zen guztia.

10. Halaber, emaztetzat hartzen dut Rut moabdarra, Mahlonen alarguntsa; honela, Mahlonen familian iraungo du jabegoak eta Elimeleken izenak bere senideen artean eta herri honetan jarraituko du. Zuek zarete, gaur, honen guztiaren lekuko.

Irakurri kapitulu osoa Rut 4