Itun Zaharra

Itun Berria

Rut 2:14-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Bazkal orduan Boozek esan zion Ruti: «Zatoz, hartzazu ogi-puska bat, busti saltsatan eta jan».Eseri zen, bada, Rut igitarien ondoan eta Boozek xigortutako ale eskutada bat eskaini zion. Hark asetzeraino jan zuen eta, halere, sobera geratu zitzaion.

15. Gero, garagarburuak biltzera joan zenean, Boozek agindu hau eman zien morroiei: «Utz iezaiozue garagar-sortetatik ere biltzen, eragozpenik gabe.

16. Are gehiago, sortetatik garagarburuak aterako dituzue eta apropos erortzen utziko, berak jaso ditzan. Ez egin errietarik».

17. Arratsa arte garagarburuak biltzen aritu zen soroan eta, garagarra jo ondoren, hogeita hamar bat kilo atera zituen.

18. Gainean harturik, herrira itzuli eta amaginarrebari erakutsi zion bildutako guztia. Bazkaritik geratua ere eman zion.

19. Noemik galdegin zion:—Non aritu zara gaur garagar-biltzen? Noren soroan egin duzu lan? Jaunak bedeinka beza zutaz arduratu den hori.Rutek, orduan, Booz izeneko baten soroan lan egin zuela kontatu zion Noemiri.

20. Honek esan zion:—Jaunak bedeinka dezala gizon hori, Jaunak bere onginahia agertzen baitie biziei nahiz hilei. Booz —erantsi zuen— hurbileko ahaide dugu, legez gu zaintzeko ardura dutenetarikoa.

21. Rutek, orduan:—Zera esan dit gainera: bere igitariekin garagarburuak biltzeko, uzta osoa amaitu arte.

22. Noemik esan zion Ruti:—Bai, alaba, askoz hobe duzu Boozen soroan beraren morroiekin lan egin, beste inoren sorotan gogaitaraz ez zaitzaten.

23. Beraz, Boozen morroiekin lan eginez eta garagarburuak bilduz aritu zen Rut, garagar eta gariaren uzta-biltzea bukatu arte. Eta amaginarrebarekin jarraitu zuen bizitzen.

Irakurri kapitulu osoa Rut 2