Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 8:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Herri guztia gizon bakar bat bezala bildu zen Ur-ate aurreko plazan. Jaunak Moisesen bitartez Israeli emandako legearen liburua ekartzeko esan zioten Esdras lege-maisuari.

2. Ekarri zuen, beraz, liburua Esdras apaizak, gizon-emakume eta ezaguera zuten guztien batzarrera. Zazpigarren hileko lehen eguna zen.

3. Eta goizetik eguerdiraino Ur-ate aurreko plazan batzar osoari irakurtzen aritu zitzaion. Herria adi-adi zegoen.

4. Esdras lege-maisua hartarako egin zuten oholtza gainean zegoen zutik; eskuinean Matitias, Xema, Anaias, Urias, Hilkias eta Maaseias zituen; ezkerrean, aldiz, Pedaias, Mixael, Malkias, Haxum, Haxbadana, Zakarias eta Mexulam.

5. Zabaldu zuen Esdrasek liburua herri osoaren aurrean, denak begira zituela; liburua zabaltzearekin batera, herri osoa zutitu egin zen.

6. Gero, Jauna, Jainko handia, goretsi zuen Esdrasek, eta herriak «Amen! Amen!» erantzun zuen, eskuak jasorik; ondoren, makurtu eta lurreraino ahuspeztu ziren Jauna gurtzeko.

7. Josue, Bani, Xerebias, Jamin, Akub, Xabtai, Hodias, Maaseias, Kelita, Azarias, Jozabad, Hanan eta Pelaias lebitarrek legearen azalpena egin zioten herriari. Bitartean zutik zegoen herria.

8. Lebitarrek zehatz eta garbi irakurtzen zuten Jainkoaren legea, esanahia azalduz, herriak ulertzeko eran.

9. Herri osoak negarrari eman zion legearen hitzak entzutean. Orduan, Nehemias gobernariak, Esdras lege-maisuak eta irakasten ari ziren lebitarrek esan zioten herriari: «Gaurko eguna Jaunari, gure Jainkoari, sagaratua dugu. Beraz, ez egon triste, ez egin negarrik».

10. Gainera, esan zien: «Zoazte eta jan haragi guria, edan edari bikainak, eta bidali janaria ezer ez dutenei ere, egun hau Jaunari sagaratua baita. Ez atsekabetu, Jaunarengandiko pozak ematen baitizue indar!»

Irakurri kapitulu osoa Nehemias 8