Itun Zaharra

Itun Berria

Nehemias 6:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Sanbalat, Tobias, Gexem arabiarra eta gainerako etsaiek jakin zuten harresia eraikia nuela. Ez zen zulorik gelditzen, nahiz eta artean ate-alderdiak jarri gabe egon.

2. Orduan, Sanbalatek eta Gexemek mandatu hau bidali zidaten: «Zatoz Ono haraneko Kefirimera gurekin hitz egitera». Niri kalte egiteko asmoa zuten.

3. Beraz, mandatariak bidali nizkien erantzun honekin: «Lan handietan nabil eta ez naiteke joan. Zuengana joateagatik bakarrik lanak ez nituzke utzi nahi».

4. Lau aldiz mandatu berbera bidali zidaten eta lauretan gauza bera erantzun nien.

5. Bosgarrenean, Sanbalatek bere laguntzaile bat bidali zidan gutun ireki batekin.

6. Hona zer zioen: «Gexemek esan didanez, zurrumurru hau zabaldu da herrien artean: zu eta zure herritarrak erregearen aurka jaikitzeko asmotan zabiltzatela, horretarako ari zaretela harresia eraikitzen; gainera, zeu izango zinatekeela horien errege.

7. Jerusalemen Judako erregetzat aldarrika zaitzaten profetak ere izendatu omen dituzu. Zurrumurru hauek hel daitezke erregeagana. Zatoz, beraz, horretaz elkarrekin hitz egitera».

8. Honela erantzun nion: «Diozun horretan ezertxo ere ez da egia; zeure kabuz sortutako asmakeria besterik ez da».

9. Beldurra sartu nahi ziguten, adorea galdu eta lana utziko genuen ustetan.«Eta orain, Jauna, sendotu nire asmoa!»

10. Egun batez, Mehetabelen iloba eta Delaiasen seme zen Xemaiasen etxera joan nintzen, berak etortzerik ez zuela eta. Hark esan zidan:—Bil gaitezen biok Jainkoaren etxean, tenplu barruan, eta itxi ditzagun ateak, etsaiak zu hiltzera baitatoz; gaur gauean bertan etorriko dira.

Irakurri kapitulu osoa Nehemias 6