Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5

Itun Zaharra

Itun Berria

Negar Kantak 5 Elizen Arteko Biblia (EAB)

BOSGARREN KANTA

1. Gogoan izan, Jauna, gertatu zaiguna;begira eta ikus nola iraintzen gaituzten.

2. Gure etxaldeak kanpotarren eskuetara joan dira;gure etxeak arrotzen eskuetara.

3. Aitarik gabe gaude, umezurtz; gure amak, alargun.

4. Geurea dugun ura edateko, dirua ordaindu behar;geurea dugun egurra, erosi egin behar.

5. Gainean ditugu segika;leher eginak gaude, ez da atsedenik guretzat.

6. Nahiko ogia jateko,Egipto eta Asiriari luzatzen diegu eskua.

7. Gure gurasoek bekatu egin zuten, eta ez dira bizi;baina guk daramagu gainean haien gaiztakeriaren zigorra.

8. Esklaboak ditugu nagusi,eta ez da haien eskutik askatuko gaituenik.

9. Ogia irabazteko bizia arriskatzen dugu,basamortuko jende armatua dela eta.

10. Labean bezala erretzen daukagu larrua, gosearen erreminez.

11. Bortxatu egin dituzte Siongo emakumeaketa Judako hirietako neskatxak.

12. Beren eskuz urkatu dituzte buruzagiak,ez dute begirunerik izan zaharrentzat.

13. Errotarria erabiltzera behartu dituzte mutilak,egur-zamapean lur jo dute gaztetxoek.

14. Hiriko sarreran ez da zaharrik biltzen,gazteek ez dute koplarik kantatzen.

15. Agortu zaigu bihotzean poza, gure dantza dolu bihurtu da.

16. Erori zaigu burutik koroa;errukarriak gu, bekatu egin dugu eta!

17. Horregatik, nahigabetua daukagu bihotza,negar-malkoz lausoturik begiak.

18. Izan ere, Sion mendia hondamen bihurtu da, azeri-leku.

19. Zu, ordea, Jauna, errege zara betiko,zure erregetza menderen mendetarako.

20. Zergatik ahaztu nahi gaituzu betiko?Zergatik utzi nahi bertan behera bizi guztirako?

21. Itzularaz gaitzazu zeuregana, Jauna, eta itzuliko gara.Berritu gure bizitza lehengo erara.

22. Betiko baztertu ote gaituzu, bada?Zure haserreak ez ote du mugarik?