Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 9:6-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Moisesek esan zien: «Horra Jaunak egiteko agindu dizuena, bere presentzia aintzatsua ager diezazuen».

7. Gero, Aaroni esan zion: «Hurbildu aldarera eta eskaini zeure barkamen-oparia eta erre-oparia, zeure aldeko barkamen-ohikunea egiteko; eskaini herriaren oparia ere, beraren aldeko barkamen-ohikunea egiteko, Jaunak agindu bezala».

8. Hurbildu zen Aaron eta bere barkamen-opariko zekorra hil zuen.

9. Semeek odola aurkeztu zioten, eta hark, behatza odoletan bustirik, aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen.

10. Oparigaiaren gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuen gantza aldarean erre zituen, Jaunak Moisesi agindu bezala;

11. alabaina, haragia eta larrua kanpalekutik atera eta erre egin zituen.

12. Gero, erre-opariko aharia hil zuen Aaronek; semeek odola eraman zioten, eta hark aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.

13. Ondoren, oparigaiaren zatiak eta burua eraman zizkioten eta Aaronek aldarean erre zituen.

14. Hesteak eta hankak garbiturik, erre egin zituen beste zatien gainean.

15. Ondoren, herriaren oparia aurkeztu zuen Aaronek; herriaren aldeko barkamen-opariko aharia harturik, hil egin zuen eta barkamen-oparitzat eskaini, zekorrarekin egin zuen bezala.

16. Erre-oparia ere eskaini zuen, arautua zegoen eran.

17. Baita labore-oparia ere; hartatik esku bete harturik, aldarean erre zuen, goizeko erre-opariaz gain.

18. Herriak elkartasun-oparirako eskainiriko zezena eta aharia hil zituen; semeek odola eraman zioten, eta Aaronek aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.

19. Zezenaren eta ahariaren buztanak, heste gaineko gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuena eraman zizkioten

20. eta, bularraren gainean ezarririk, erre egin zituen.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 9