Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 9:5-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Elkarketa-etxolaren aurrera eraman zuten Moisesek agindu ziena; elkarte osoa hurbildu zen eta zutik zegoen Jaunaren aurrean.

6. Moisesek esan zien: «Horra Jaunak egiteko agindu dizuena, bere presentzia aintzatsua ager diezazuen».

7. Gero, Aaroni esan zion: «Hurbildu aldarera eta eskaini zeure barkamen-oparia eta erre-oparia, zeure aldeko barkamen-ohikunea egiteko; eskaini herriaren oparia ere, beraren aldeko barkamen-ohikunea egiteko, Jaunak agindu bezala».

8. Hurbildu zen Aaron eta bere barkamen-opariko zekorra hil zuen.

9. Semeek odola aurkeztu zioten, eta hark, behatza odoletan bustirik, aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen.

10. Oparigaiaren gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuen gantza aldarean erre zituen, Jaunak Moisesi agindu bezala;

11. alabaina, haragia eta larrua kanpalekutik atera eta erre egin zituen.

12. Gero, erre-opariko aharia hil zuen Aaronek; semeek odola eraman zioten, eta hark aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.

13. Ondoren, oparigaiaren zatiak eta burua eraman zizkioten eta Aaronek aldarean erre zituen.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 9