Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 27:20-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. Ez badu berreskuratzen eta, hala ere, beste norbaiti saltzen badio, berreskuratzeko eskubidea galtzen du.

21. Jubileu Urtean erabat eta betiko Jaunari sagaratua geldituko da, eta jabetza apaizarentzat izango da.

22. «Norbaitek, erositako lursail bat, herentziaz jaso gabea, sagaratzen badio Jaunari,

23. apaizak Jubileu Urtea arte ordaindu beharrekoaren kontua aterako du, eta eskaintzaileak egunean bertan ordainduko du ezarritako prezioa. Jaunari sagaraturik geldituko da.

24. Jubileu Urtean, ordea, lursaila jatorrizko jabearen eskuetara itzuliko da, hau da, erosia izan zitzaionagana».

25. (Prezioa santutegiko pisu-neurriaren arabera zilarrezko txanponetan ordainduko da, oin-txanpona hamar gramokoa delarik).

26. «Begi-bistakoa da ezin diola inork ere lehen abere-kumerik Jaunari botoz sagaratu, zeren, lehenengoa izanik, Jaunari baitagokio aldez aurretik: bai zekorra, bai arkumea Jaunarenak dira.

27. Lehen-kumea abere kutsatuarena bada, jabeak berreskura dezake, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordainduz. Ez badu berreskuratzen, apaizak salduko du ezarritako prezioan.

28. «Begi-bistakoa da ere, norbaitek bere ondasunen bat —gizakia nahiz aberea, bere ondareko nahiz erositako lursaila— erabat eta betiko Jaunari sagaratu badio, ezin duela berreskuratu. Era horretan Jaunari sagaraturiko ondasuna guztiz sakratua da eta Jaunari dagokio bakar-bakarrik.

29. Gizakia bada ere, ez daiteke berreskura: heriotzara emango dute.

30. «Lurreko emaitzen hamarrenak ere —bai ereindakoarenak, bai arbola-fruituenak— Jaunarenak dira eta berari daude sagaratuak.

31. Norbaitek hamarren horietatik zerbait berreskuratu nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du.

32. «Abereei dagokienez, abelgorria nahiz abere xehea izan, hamarretik bat Jaunari sagaratuko zaio, zozketa bidez aukeratuz.

33. Jabeak ez du onak ala txarrak diren begiratu behar, ezta aukeratua beste batez trukatu ere. Hala ere trukatzen badu, bai aukeraturiko aberea, bai ordezkoa, biak gelditzen dira sagaraturik eta, beraz, ezin izango dira berreskuratu».

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 27