Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 26:15-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. nire legeak gutxiesten eta erabakiak baztertzen badituzue, eta horrela, nire agindu guztiok bete nahi ez dituzuelarik, nire ituna hausten baduzue,

16. hona zer egingo dizuedan: bat-bateko izuz joko zaituztet, zuen begiak ahuldu eta bizi-indarrak jango dizkizuen gaitz galgarriz eta sukarrez joko. Alferrik ereingo duzue, etsaiek jango baitituzte zuen uztak.

17. Aurka jarriko natzaizue: etsaiek garaituko zaituztete, etsai gorrotagarrienek menderatuko. Ihesari emango diozue inork atzetik eraso gabe ere.

18. «Horrela ere obeditzen ez badidazue, zazpi bider gogorrago zigortuko zaituztet zeuen bekatuengatik.

19. Zuen segurtasun harroa hautsiko dut: zuen zerua burdina bezain lehor eta zuen lurra brontzea bezain elkor bihurtuko ditut.

20. Indar guztiaz ahaleginduko zarete, baina alferrik: lurrak ez dizue uztarik emango, ez landako arbolek ere fruiturik.

21. «Aurka egiten badidazue, niri obeditzeari uko eginez, zazpi bider gogorrago zigortuko zaituztet zeuen bekatuengatik.

22. Basapiztiak bidaliko dizkizuet aurka: seme-alabarik gabe utziko zaituztete, zeuen abereak sarraskituko eta zeuek ere hain bakandurik utziko, non hutsik geldituko baitira herrialdeko bideak.

23. «Guztiarekin ere nire zentzarazpena onartu ez eta aurka egiten badidazue,

24. neuk ere aurka egingo dizuet eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik.

25. Gerra sorraraziko dut zuen aurka, ituna hausteagatik merezi duzuen zigorra emateko; hirietan babestuko zarete, baina izurria sortuko dut bertan eta etsaien esku eroriko zarete.

26. Janari-hornidura kenduko dizuet: labe bakar batean erreko dute hamar emakumek zuen ogi guztia eta, hain neurtua emango dizuetenez, ezin izango duzue jan gosea kentzeko adina.

27. «Hala ere obeditu ez eta aurka egiten badidazue,

28. neuk ere aurka egingo dizuet haserre bizian eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik.

29. Zeuen seme-alaben haragia jan beharko duzue.

30. Deuseztatu egingo ditut zuen sasikultu-lekuak, lurrera botako zuen intsentsu-aldareak, zuen gorpuak idoloen pusken gainean pilatuko ditut eta gaitzetsi egingo zaituztet.

31. Eremu bihurtuko ditut zuen hiriak eta hondakin zuen santutegiak. Ez ditut zuen opariak atseginez onartuko.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 26