Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 25:7-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Zuen abereek eta basabereek, berriz, lurrak berez ematen duena izango dute janari.

8. «Konta itzazue zazpi asteko egunak adina urte, zazpi bider zazpi, alegia, berrogeita bederatzi urte guztira.

9. Aldi horren buruan, zazpigarren hilaren hamarrean, Barkamen Egunean, alegia, adarra joko duzue ozenki lurralde osoan.

10. Berrogeita hamargarren urtea urte santutzat hartuko duzue eta “Jubileu Urte” emango diozue izen. Urte horretan askapena aldarrikatuko duzue zeuen lurraldeko biztanle guztientzat: nork bere lurren jabetza berreskuratu ahal izango du, nor bere senitartera itzuliko da.

11. Horrela, bada, berrogeita hamar urtetik berrogeita hamar urtera Jubileu Urtea ospatuko duzue: ez duzue ereingo, ez berez ernetako garirik moztuko, ezta bilduko ere inausi gabe utzitako mahastietan.

12. Jubileu Urtea izango baita, zuek santutzat hartu beharrekoa. Jan ahal izango duzue, ordea, lurrak berez emango duena.

13. «Jubileu Urtean zuetako bakoitzak bere lurren jabetza berreskuratuko du.

14. Herritarren artean lursailak saltzean nahiz erostean, ez egin kalterik batak besteari:

15. salerosketak egitean, izan kontuan azken Jubileu Urteaz gero igarotako urteak eta hurrengoa arte falta direnak:

16. zenbat eta urte gehiago falta, hainbat eta handiagoa prezioa; zenbat eta urte gutxiago, hainbat eta txikiagoa prezioa, saltzen dena gelditzen diren uztak baitira.

17. «Ez biezaio inork herritarrari kalterik egin; horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 25