Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 25:35-50 Elizen Arteko Biblia (EAB)

35. «Zuen herritarren bat zorrak egin eta zuekin zituen betebeharrei aurre egin ezinik aurkitzen bada, lagundu egingo diozue eta bizirik irauteko modua emango, zuen artean bizi den etorkinari bezala.

36. Ez diozue inolako interesik eskatuko. Horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari, eta zuei esker bizi ahal izango da herritarra.

37. Ez eman dirua interesak jasotzeko asmoz, ezta janaria ere etekina ateratzeko.

38. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, Kanaan lurraldea emateko eta zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztena.

39. «Zuen herritarrak zuekin zorrak egin eta bere burua esklabotzat saltzen badizue, ez behartu esklabo-lanetara:

40. hartu langilea edo zuenean bizi den morroia bezala. Jubileu Urtea arte egingo du lan zuentzat.

41. Gero, zuen etxea utziko du bere seme-alabekin batera, eta bere senitartera eta famili ondarera itzuliko da.

42. Izan ere, israeldarrak nire zerbitzari dira, neuk atera bainituen Egiptotik. Horregatik, ez daitezke sal esklaboak saltzen diren moduan.

43. Ez itzazue gogor erabil; horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari.

44. «Gizonezko nahiz emakumezko esklaborik eduki nahi baduzue, eros itzazue auzo-herrietako jende artetik.

45. Eros ditzakezue zuen artean bizi diren etorkinen seme-alabak, baita zuen lurraldean jaio zaizkien familiakideak ere. Izan zaitezkete haien jabe

46. eta jabetza zeuen ondorengoei betiko utzi. Horiek, bai, esklabotzat eduki ditzakezue, baina herritarren artean, israeldarren artean, ez duzue batak bestea gogor hartuko.

47. «Etorkina edo zuen artean bizi den atzerritarra aberasten bada, eta zuen herritarrak harekin zorrak egin eta ezinbestean hari nahiz beste atzerritar familiakideren bati bere burua saltzen badio,

48. noiznahi izango du askatasuna berreskuratzeko eskubidea. Bere senitartekoren batek berreskura dezake:

49. osabak, lehengusuak nahiz beste edozein ahaidek; baita berak ere hartarako modurik aurkituko balu.

50. Horretarako, eroslearekin elkar harturik, bere burua saldu zuen urtetik Jubileu Urtea arteko denboraren kontua aterako du. Askapenaren prezioa urte-kopuruaren araberakoa izango da; lanean egin dituen urteen balioaren kontua, berriz, langileen soldata oinarritzat harturik aterako da.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 25