Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 25:18-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Bete nire legeak, gorde nire erabakiak. Bete eta lasai biziko zarete lurraldean.

19. Lurrak zuek ase arte jateko adina uzta emango du, eta kezkarik gabe bizi ahal izango zarete bertan.

20. «Behar bada galdegingo duzue: “Zer jango dugu zazpigarren urtean, ezin badugu erein, ez uztarik bildu?”

21. Hara, nik, Jaunak, ondasunez beteko zaituztet seigarren urtean, lurrari aginduko diot hiru urterako adina uzta emateko.

22. Zortzigarren urtean berriro ereingo duzue; baina bitartean, bederatzigarren urtean uzta bildu artean, uzta zaharretik jan ahal izango duzue.

23. «Ez da zilegi lurrak behin betiko saltzea, neurea baita lurraldea, eta zuek ez zarete bertan etorkin besterik, nirean ostatuz bizi zaretenak.

24. Beraz, jabetzan emango dizuedan lurraldean, jarri indarrean lurrak berreskuratzeko eskubidea.

25. «Zuetako batek zorrak egin eta lursailen bat ezinbestean saltzen badu, haren ahaide hurbilenak berreskuratuko du hark saldutakoa, horretarako eskubidea baitu.

26. Norbaitek, jabetza berreskura diezaiokeen ahaiderik eduki ez arren, bere kabuz horretarako adina diru lortzen badu,

27. bere lursailaren jabetza berreskuratuko du, hurrengo Jubileu Urtea arte falta diren urteen arabera erosleari zor dion diru-kopurua itzuli ondoren.

28. Baina jabetza berreskuratzeko adina diru lortzeko gauza ez bada, eroslearen esku geldituko da Jubileu Urtea arte. Orduan, erosleak ez du jadanik berea izango, eta jatorrizko jabeak berreskuratuko du.

29. «Harresidun hiri bateko etxebizitza saltzen duenak mugatua du berreskuratzeko eskubidea: salmenta-egunaren ondoko urtean bakarrik berreskura dezake.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 25