Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 25:18-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Bete nire legeak, gorde nire erabakiak. Bete eta lasai biziko zarete lurraldean.

19. Lurrak zuek ase arte jateko adina uzta emango du, eta kezkarik gabe bizi ahal izango zarete bertan.

20. «Behar bada galdegingo duzue: “Zer jango dugu zazpigarren urtean, ezin badugu erein, ez uztarik bildu?”

21. Hara, nik, Jaunak, ondasunez beteko zaituztet seigarren urtean, lurrari aginduko diot hiru urterako adina uzta emateko.

22. Zortzigarren urtean berriro ereingo duzue; baina bitartean, bederatzigarren urtean uzta bildu artean, uzta zaharretik jan ahal izango duzue.

23. «Ez da zilegi lurrak behin betiko saltzea, neurea baita lurraldea, eta zuek ez zarete bertan etorkin besterik, nirean ostatuz bizi zaretenak.

24. Beraz, jabetzan emango dizuedan lurraldean, jarri indarrean lurrak berreskuratzeko eskubidea.

25. «Zuetako batek zorrak egin eta lursailen bat ezinbestean saltzen badu, haren ahaide hurbilenak berreskuratuko du hark saldutakoa, horretarako eskubidea baitu.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 25