Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 24:1-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Agindu israeldarrei oliba-olio garbi eta birfindua ekartzeko argimutilarentzat, kriseiluak beti pizturik egon daitezen

3. elkarketa-etxolan, itun-kutxa estaltzen duen errezelaz kanpotik. Aaron arduratuko da horietaz, gau osoan izioturik iraun dezaten Jaunaren aurrean. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun.

4. Aaronek ipiniko ditu kriseiluak argimutilean, Jaunaren aurrean etengabe argi egin dezaten.

5. «Hartu ogi-irin garbia, erre zortzina kiloko hamabi opil

6. eta ezarri Jaunaren aurrean, urre garbizko mahai gainean, seina opileko bi lerrotan.

7. Ipini lerro bakoitzean intsentsu garbia: Jaunaren ohorez, ogiaren ordez erreko den oroitzapen-opari izango da.

8. Larunbatero, betierean, ezarriko dituzte Jaunaren aurrean. Betiko betebeharra izango dute hau israeldarrek.

9. Opilak Aaroni eta beronen ondorengoei dagozkie eta toki sakratuan jango dituzte, guztiz sakratuak baitira, Jaunari eskainiriko opariak direnez gero. Betiko lege izango duzue hau».

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 24