Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 23:7-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Astearen lehen egunean batzar sakratua egingo duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

8. Asteko egun bakoitzean opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zazpigarrenean batzar sakratua egingo duzue berriro eta ez da ohiko lan arruntik egingo».

9. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

10. «Esan israeldarrei: Nik emango dizuedan lurraldean sartu eta bertako uzta bil dezazuenean, lehenengo gari-sorta apaizari eramango diozue.

11. Apaizak, errituzko keinua eginez aurkeztuko dio Jaunari, atseginez onar dezan. Larunbat biharamunean aurkeztuko du.

12. Egun berean urtebeteko bildots akats gabea eskainiko diozue Jaunari erre-oparitzat;

13. gainera, olioz oraturiko zortzi kilo ogi-irin garbi labore-oparitzat eta litro bat ardo isur-oparitzat. Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

14. Ez duzue uztaren emaitzarik jango, ez ogirik, ez gari errerik, ez gari berririk, Jaunari oparia eramango diozuen eguna arte. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

15. «Gari-sorten oparia aurkeztuko duzuen egunetik, hau da, larunbat biharamunetik hasita, zazpi aste zenbatuko dituzue;

16. berrogeita hamar egun izango dira, beraz, zazpigarren larunbat biharamuna arte, eta orduan beste labore-opari bat eskainiko diozue Jaunari:

17. bi ogi eramango dituzue zeuen etxetik, errituzko aurkezpen-keinua eginez Jaunari lehen fruitu gisa eskaintzeko; ogiak zortzi kilo ogi-irinez eginak eta legamiaz erreak izango dira.

18. Ogiez gainera, urtebeteko zazpi bildots akats gabe, zekor bat eta bi ahari eramango dituzue, Jaunari erre-oparitzat eskaintzeko, dagozkien isur-opariekin batera. Eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 23