Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 23:24-42 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren lehena atseden-eguna izango duzue. Oroitzapen Eguna ospatuko duzue, poz-irrintziz eta batzar sakratua eginez.

25. Ez da ohiko lan arruntik egingo, eta oparia erreko duzue Jaunaren ohorez».

26. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

27. «Zazpigarren hilaren hamarrean Barkamen Eguna ospatuko duzue. Batzar sakratua izango duzue, baraua egingo eta oparia erreko Jaunaren ohorez.

28. Ez duzue inolako lanik egingo, Barkamen Egun berezia baita, Jaunaren, zuen Jainkoaren, aurrean zuen alde barkamen-ohikunea egingo den eguna.

29. Egun horretan barau egiten ez duen edonor herritik bota egingo dute.

30. Eta lan egiten duena neuk desagerraraziko dut herritik.

31. Ez egin, bada, inolako lanik. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

32. Atseden-egun berezia eta barau-eguna izango duzue; hilaren bederatziko ilunabarretik biharamuneko ilunabarrera ospatuko duzue».

33. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

34. «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren hamabostean hasita, zazpi egunez Etxola Jaia ospatuko duzue Jaunaren ohorez.

35. Lehenengo egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

36. Zazpi egun horietan opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zortzigarren egunean batzar sakratua izango duzue berriro eta era berean oparia erreko Jaunaren ohorez. Batzar-egun honetan ere ez da ohiko lan arruntik egingo.

37. «Horiek dira Jaunaren festaburuak, eta horietan batzar sakratua ospatuko duzue, Jaunaren ohorez opariak eskaintzeko: erre-opariak eta labore-opariak, elkartasun-opariak eta isur-opariak, jai bakoitzari dagokion arabera;

38. hori guztia, asteroko atseden-eguneko opariez gain eta nork bere borondatez edo botoren bat betetzeko Jaunari eskainitako opari eta sakrifizioez gain.

39. «Zazpigarren hilaren hamabostean, uzta bildu ondoren, zazpi egunez egingo duzue jai Jaunaren ohorez, lehen egunean eta zortzigarrenean atseden hartuz.

40. Lehen egunetik arbola jorien fruituak, palmondo-erramuak eta zuhaitz hostotsuen eta erreka-bazterreko sahatsen adarrak eskuetan harturik, zazpi egunez zuen poza adieraziko duzue Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aurrean.

41. Urtero ospatuko duzue zazpi eguneko jai hau zazpigarren hilean. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun.

42. Zazpi egunez etxoletan biziko zarete jaiotzaz israeldar zareten guztiok,

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 23