Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 23:21-35 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Egun berean batzar sakratua egingo duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

22. «Zeuen uzta biltzean, ez duzue soro-bazterrekoa moztuko, ezta eroritako galburuak batuko ere. Pobreentzat eta etorkinentzat utziko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

23. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

24. «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren lehena atseden-eguna izango duzue. Oroitzapen Eguna ospatuko duzue, poz-irrintziz eta batzar sakratua eginez.

25. Ez da ohiko lan arruntik egingo, eta oparia erreko duzue Jaunaren ohorez».

26. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

27. «Zazpigarren hilaren hamarrean Barkamen Eguna ospatuko duzue. Batzar sakratua izango duzue, baraua egingo eta oparia erreko Jaunaren ohorez.

28. Ez duzue inolako lanik egingo, Barkamen Egun berezia baita, Jaunaren, zuen Jainkoaren, aurrean zuen alde barkamen-ohikunea egingo den eguna.

29. Egun horretan barau egiten ez duen edonor herritik bota egingo dute.

30. Eta lan egiten duena neuk desagerraraziko dut herritik.

31. Ez egin, bada, inolako lanik. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

32. Atseden-egun berezia eta barau-eguna izango duzue; hilaren bederatziko ilunabarretik biharamuneko ilunabarrera ospatuko duzue».

33. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

34. «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren hamabostean hasita, zazpi egunez Etxola Jaia ospatuko duzue Jaunaren ohorez.

35. Lehenengo egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 23