Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 23:18-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Ogiez gainera, urtebeteko zazpi bildots akats gabe, zekor bat eta bi ahari eramango dituzue, Jaunari erre-oparitzat eskaintzeko, dagozkien isur-opariekin batera. Eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

19. Gainera, barkamen-oparirako aker bat eta elkartasun-oparirako bi bildots eskainiko dituzue.

20. Errituzko keinua eginez aurkeztuko ditu apaizak opariok, bi bildotsak barne, lehen fruitu gisa eskainiriko ogiekin batera. Jaunari sagaratuak izango direnez, opariok apaizari dagozkio.

21. Egun berean batzar sakratua egingo duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

22. «Zeuen uzta biltzean, ez duzue soro-bazterrekoa moztuko, ezta eroritako galburuak batuko ere. Pobreentzat eta etorkinentzat utziko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

23. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

24. «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren lehena atseden-eguna izango duzue. Oroitzapen Eguna ospatuko duzue, poz-irrintziz eta batzar sakratua eginez.

25. Ez da ohiko lan arruntik egingo, eta oparia erreko duzue Jaunaren ohorez».

26. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

27. «Zazpigarren hilaren hamarrean Barkamen Eguna ospatuko duzue. Batzar sakratua izango duzue, baraua egingo eta oparia erreko Jaunaren ohorez.

28. Ez duzue inolako lanik egingo, Barkamen Egun berezia baita, Jaunaren, zuen Jainkoaren, aurrean zuen alde barkamen-ohikunea egingo den eguna.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 23