Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 22:15-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. «Apaizek ez dituzte profanatuko israeldarrek Jaunari eskainiriko opari sakratuak, berari bakarrik dagozkionak;

16. erru izugarria bereganatuko lukete, opari horiek jango balituzte. Neu naiz Jauna, opariak sagaratzen ditudana».

17. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

18. «Esan Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egin ohi diren erre-oparietakoren bat Jaunari eskaini nahi badio,

19. abere arra eta akats gabea aurkeztuko du, Jaunak atseginez onar diezaion: zekorra, aharia nahiz akerra.

20. Ez aurkeztu abere akastunik, ez baitizue Jaunak onartuko.

21. «Norbaitek botoren bat betetzeko edo bere borondatez abelgorria nahiz abere xehea elkartasun-oparitzat Jaunari eskaini nahi badio, inolako akatsik gabea eskainiko du, Jaunak atseginez onar diezaion;

22. beraz, ez abere itsurik edo gorputz-atalen bat hautsia duenik, ez zauri zornetsurik edo larruko gaitzen bat duenik. Ez eraman horrelakorik Jaunaren aldarean oparitzat erretzeko.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 22