Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 20:7-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. «Gorde garbi zeuen burua, santu izan zaitezten, neu bainaiz Jauna, zuen Jainkoa.

8. «Bete arretaz nire legeak. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratu zaituztena.

9. «Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du. Gurasoak madarikatu dituenez gero, berea izango du heriotzaren errua.

10. «Norbaitek beste baten emaztearekin adulterioa egiten badu, heriotza-zigorra izango dute bi errudunek.

11. «Norbait aitaren emazte batekin oheratzen bada, aita desohoratzen du: heriotza-zigorra izango dute bi errudunek. Berena izango dute heriotzaren errua.

12. «Norbait errainarekin oheratzen bada, heriotza-zigorra izango dute bi errudunek. Berena izango dute heriotzaren errua, egin duten ustelkeriagatik.

13. «Norbait emakumeekin ohi bezala gizonezkoarekin oheratzen bada, higuingarritasuna egiten dute biek: heriotza-zigorra izango dute. Berena izango dute heriotzaren errua.

14. «Norbait emakume batekin eta beronen amarekin ezkontzen bada, itsuskeria egiten du: erre egingo dituzte bera eta bi emakumeak. Ez da horrelako itsuskeriarik izango zuen artean.

15. «Norbaitek abere batekin haragizko bekatua egiten badu, heriotza-zigorra izango du, eta aberea ere hil egingo dute.

16. Era berean, emakumea abere batekin elkar batzen bada, heriotzara emango dituzte emakumea eta aberea. Berena izango dute heriotzaren errua.

17. «Norbait bere arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, ezkontzen bada eta sexu-harremanak badituzte, lotsagarrikeria egiten dute eta herriaren begi-bistan zigortuko dituzte. Bere arrebaordearekin sexu-harremanak dituenak bere erruaren ondorenak jasan beharko ditu.

18. «Norbaitek hilerokoa duen emakumearekin oheratu eta sexu-harremanak baditu, agerian jartzen du —eta emakumeak berak ere bai— odoljarioaren iturria. Beraz, herritik bota egingo dituzte.

19. «Ez izan sexu-harremanik ez aitaren arrebarekin, ez amaren ahizparekin. Odol berekoak direnez gero, beren erruaren ondorenak jasan beharko dituzte biek.

20. «Norbait izebarekin oheratzen bada, osaba desohoratzen du. Beren bekatuaren ondorenak jasan beharko dituzte: seme-alabarik gabe hilko dira.

21. «Norbait koinatarekin ezkontzen bada, nazkagarrikeria egiten du; anaia desohoratu duenez gero, ez dute ondorengorik izango.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 20