Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 20:16-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Era berean, emakumea abere batekin elkar batzen bada, heriotzara emango dituzte emakumea eta aberea. Berena izango dute heriotzaren errua.

17. «Norbait bere arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, ezkontzen bada eta sexu-harremanak badituzte, lotsagarrikeria egiten dute eta herriaren begi-bistan zigortuko dituzte. Bere arrebaordearekin sexu-harremanak dituenak bere erruaren ondorenak jasan beharko ditu.

18. «Norbaitek hilerokoa duen emakumearekin oheratu eta sexu-harremanak baditu, agerian jartzen du —eta emakumeak berak ere bai— odoljarioaren iturria. Beraz, herritik bota egingo dituzte.

19. «Ez izan sexu-harremanik ez aitaren arrebarekin, ez amaren ahizparekin. Odol berekoak direnez gero, beren erruaren ondorenak jasan beharko dituzte biek.

20. «Norbait izebarekin oheratzen bada, osaba desohoratzen du. Beren bekatuaren ondorenak jasan beharko dituzte: seme-alabarik gabe hilko dira.

21. «Norbait koinatarekin ezkontzen bada, nazkagarrikeria egiten du; anaia desohoratu duenez gero, ez dute ondorengorik izango.

22. «Bete arretaz nire lege eta erabaki guztiak. Horrela, bizitzera eramango zaituztedan lurraldeak ez zaituzte okaztatu eta kanpora botako.

23. Ez bizi zuen aurretik botatzen ditudan herrien legeen arabera; horrelako gauzak egin dituztelako, hain zuzen, ezin jasan izan ditut.

24. Zuei, berriz, haien lurraldearen jabe izango zaretela hitzeman dizuet. Neuk emango dizuet jabetzan eztia eta esnea darizkion lurralde hori.«Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, beste herrietatik bereizi zaituztena.

25. Beraz, zuek ere bereizi egingo dituzue abere garbiak kutsatuetatik, hegazti garbiak kutsatuetatik. Ez dezazuela bihur zeuen burua higuingarri, abereak, hegaztiak eta narraska dabiltzan piztiak direla eta; neuk egin dut bereizketa, kutsatuak zein diren jakin dezazuen.

26. «Izan zaitezte niretzat sagaratuak, ni, Jauna, santua bainaiz, eta herri guztien artetik bereizi baitzaituztet nireak izateko.

27. «Nekromante- edo igarle-lanbidea duen gizonak nahiz emakumeak heriotza-zigorra izango du: harrika hilko dituzte. Berena izango dute heriotzaren errua».

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 20