Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 18:1-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Esan israeldarrei: Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

3. Ez hartu zeuentzat orain arte bizi izan zareten Egiptoko jendearen usadioak edota sarraraziko zaituztedan Kanaango herrienak, ezta bizi ere herri horien legeen arabera.

4. Bete nire erabakiak eta gorde nire legeak zeuen bizimoduan. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

5. «Gorde, beraz, nire lege eta erabakiak: bizia ematen diote betetzen dituenari. Neu naiz Jauna.

6. «Ez du inork bere odoleko emakumerekin sexu-harremanik izango. Neu naiz Jauna.

7. «Ez duzu zeure amarekin sexu-harremanik izango, zeure ama baita: aita eta ama, biak desohoratuko zenituzke.

8. «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure aitaren emazte batekin: aita desohoratuko zenuke.

9. «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, ezta etxe berean haziak ez bazarete ere.

10. «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure bilobarekin, semearen nahiz alabaren alabarekin: zeure burua desohoratuko zenuke.

11. «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure aitaren emaztearen alabarekin: zure aitarengandik sortua da, eta arreba duzu.

12. «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure aitaren arrebarekin: zure aitaren odol berekoa da.

13. «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure amaren ahizparekin: zure amaren odol berekoa da.

14. «Ez duzu zeure aitaren anaia desohoratuko, beronen emaztearekin sexu-harremanak izanez: zeure izeba duzu.

15. «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure errainarekin, zure semearen emaztea baita.

16. «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure koinatarekin: zeure anaia desohoratuko zenuke.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 18