Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 16:19-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. eta zazpi bider zipriztinduko du aldarea behatzez; honela, israeldarren erruek eragindako kutsaduratik garbituko du eta sagaratuko.

20. «Santutegiaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea amaitu ondoren, Aaronek akerra aurkeztuko du.

21. Bi eskuak aker biziaren buruan ezarriz, israeldarren gaiztakeria, errebeldia eta bekatu guztien aitormena egingo du. Honela, akerraren burura botako ditu guztiak, eta horren kargu duenaren eskuz basamortura bidaliko du.

22. Akerrak berekin eramango ditu israeldarren erru guztiak eremu elkorrera. Akerra basamortura bidali ondoren,

23. elkarketa-etxolan sartuko da Aaron; santutegian sartzeko jantziriko lihozko tunika erantzi eta bertan utziko du.

24. Bainua egingo du toki sakratuan eta, bere beste arropak jantzirik, berriro aterako da, eta bere erre-oparia eta herriarena eskainiko ditu, bere eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea eginez.

25. Azkenik, barkamen-oparigaiaren gantza aldarean erreko du.

26. «Azazelentzako akerra eraman duenak arropak eta gorputza garbituko ditu, kanpalekuan sartu aurretik.

27. Barkamen-oparirako zekorra eta akerra, zeinen odola barkamen-ohikunea egiteko santutegira eramana izan baita, kanpalekutik aterako dituzte eta haien larru, haragi eta hesteak erreko.

28. Erretzaileak arropak eta gorputza garbituko ditu, kanpalekuan sartu aurretik.

29. «Betiko lege izango duzue hau: zazpigarren hilaren hamarrean barau egingo duzue; ez duzue inolako lanik egingo, ez bertakoek, ez zuen artean bizi diren etorkinek,

30. egun horretan egingo baita zuen aldeko barkamen-ohikunea, garbi zaitezten; bekatu guztietatik garbi geldituko zarete Jaunaren aurrean.

31. Betiko legea da: egun hori atseden-egun berezia izango duzue, barauari emana.

32. «Gerora, bere aitaren ordez apaizgoa hartzeko gantzutuko duten apaizak egingo du barkamen-ohikunea; lihozko jantzi sakratuak jantziko ditu,

33. toki santu santuaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea eta apaizen eta elkarte osoaren aldeko barkamen-ohikunea egiteko.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 16