Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 16:16-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Honela, santutegiaren garbikuntza-ohikunea egingo du, israeldarren kutsadura, errebeldia eta bekatu guztiengatik. Beste horrenbeste egingo du israeldarren artean, beraien kutsaduren erdian, dagoen elkarketa-etxolarekin.

17. «Ez da beste inor elkarketa-etxolan egongo, Aaron barkamen-ohikunea egitera sartzen denetik irtengo den arte. Bere, etxekoen eta israeldarren elkarte osoaren aldeko barkamen-ohikunea eginik,

18. atera egingo da Aaron, eta Jaunaren aurrean dagoen aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo du. Zekorraren eta akerraren odoletik pixka bat harturik, aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu alde guztietatik,

19. eta zazpi bider zipriztinduko du aldarea behatzez; honela, israeldarren erruek eragindako kutsaduratik garbituko du eta sagaratuko.

20. «Santutegiaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea amaitu ondoren, Aaronek akerra aurkeztuko du.

21. Bi eskuak aker biziaren buruan ezarriz, israeldarren gaiztakeria, errebeldia eta bekatu guztien aitormena egingo du. Honela, akerraren burura botako ditu guztiak, eta horren kargu duenaren eskuz basamortura bidaliko du.

22. Akerrak berekin eramango ditu israeldarren erru guztiak eremu elkorrera. Akerra basamortura bidali ondoren,

23. elkarketa-etxolan sartuko da Aaron; santutegian sartzeko jantziriko lihozko tunika erantzi eta bertan utziko du.

24. Bainua egingo du toki sakratuan eta, bere beste arropak jantzirik, berriro aterako da, eta bere erre-oparia eta herriarena eskainiko ditu, bere eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea eginez.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 16