Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 13:41-58 Elizen Arteko Biblia (EAB)

41. Kopetako ilea erori eta soildurik gelditzen bada, garbi dago.

42. Baldin buruko edo kopetako soilgunean mantxa zuri-gorrixka badu, legena ari zaio sortzen.

43. Apaizak miatu egingo du, eta kopeta eta burusoileko mantxaren handitua zuri-gorrixka ageri bada, larruazaleko legenaren antzekoa,

44. legenak jota dago gizona; kutsatuta dago eta hala aitortuko du apaizak buruan duen gaitzarengatik.

45. «Legenak jotako gizonak arropak urratuak eramango ditu, ilea harro eta aurpegia erdi estalirik, eta “Kutsatua! Kutsatua!” oihu eginez ibiliko da.

46. Gaitzak alde egin arte kutsatua izango da eta bakarrik biziko, kanpalekutik aparte.

47. «Artilezko nahiz lihozko jantzian

48. edo ehunean, larruan nahiz edozein larrukitan mantxa agertzen bada,

49. eta mantxa berdexka nahiz gorrixka bada, lizun-kasua da eta apaizari erakutsi behar zaio.

50. Apaizak miatu egingo du eta aparte edukiko zazpi egunez.

51. Zazpi egunen buruan berriro miatuko du; lizuna jantzian nahiz ehunean, larruan nahiz larrukian zabaldu bada, gaitz galgarria da, eta gauza horiek kutsatuta daude.

52. Beraz, lizuna duen gauza erabat erreko da, gaitz galgarria duenez gero;

53. baina apaizak ikusten badu lizuna ez dela zabaldu esandako gauza horietako batean,

54. garbitzeko aginduko du, eta beste zazpi egunez aparte edukiko.

55. Garbitua eman ondoren, apaizak berriro miatuko du eta, lizuna zabaldu ez arren, lehengo itxura bera duela ikusten badu, kutsatuta dago eta erre egingo da, barru edo kanpoaldetik jana baitago.

56. Baina apaizak ikusten badu lizuna zurbildu egin dela garbitua izan ondoren, lizuna duen zatia ebakiko dio jantzi, larru nahiz ehunari.

57. Lizuna berriro agertzen bada, ordea, eta jantzian nahiz ehunean, larruan nahiz larrukian zabaltzen, erre egingo da.

58. Garbitu bat eman ondoren lizuna joaten zaion jantzi, ehun, larru nahiz larrukia, berriro garbitu eta gero, garbi geldituko da.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 13