Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 13:15-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. Orduan, apaizak haragi bizia miatuko du eta kutsatutzat aitortuko gaixoa, haragi bizia kutsatua baita; legen-kasua da.

16. Baina haragi bizia berriro zuritzen bada eta, gaixoa apaizarengana joanik,

17. honek zauriak zurituak dituela ikusten badu, garbitzat aitortuko du; garbi dago, izan ere.

18. «Larruazalean zaldarra izan eta, sendatu eta gero,

19. haren lekuan handitu zuria edo mantxa zuri-gorrixka ateratzen bazaio norbaiti, apaizarengana joango da.

20. Apaizak miatu egingo du; mantxa azalekoa baino sakonagoa badu eta ilea zuritua, kutsatutzat aitortuko du; zaldarraren gainean sortu den legena da.

21. Baina apaizak ikusten badu ile zuririk ez duela eta azalekoa baino sakonagoa ez dela, baizik eta zurbilduz doala, aparte edukiko du gaixoa zazpi egunez.

22. Mantxa larruazalean zabalduz badoa, kutsatutzat aitortuko du apaizak; legen-kasua da.

23. Baina toki berean jarraitzen badu eta zabaltzen ez, zaldarraren mantxa da; garbitzat aitortuko du apaizak.

24. «Larruazalean suz eginiko erredura izan eta erretako tokian mantxa zuri-gorrixka edo zuria sortzen bazaio norbaiti,

25. apaizak miatu egingo du; gaineko ilea zuritua badu eta mantxa azalekoa baino sakonagoa bada, erreduran sortu den legena da. Apaizak kutsatutzat aitortuko du; legen-kasua da.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 13