Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 13:1-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:

2. «Norbaiti larruazalean handitua, zornea edota orbaina ateratzen bazaio, legenarena bezalako zauria sortuz, Aaron apaizarengana edo beronen ondorengoetariko apaiz batengana eramango dute.

3. Apaizak larruazaleko zauria miatuko du; zauri gaineko ilea zuritua badu eta zauria azalekoa baino sakonagoa bada, legen-kasua da. Apaizak, miatu ondoren, kutsatutzat aitortuko du.

4. «Larruazaleko orbaina zuria bada, baina azalekoa baino sakonagoa ez bada eta ilea zuritua ez badu, apaizak jendartetik aparte jarriko du gaixoa zazpi egunez.

5. Zazpi egunen buruan berriro miatuko du, eta zauriak bere hartan, azalean zabaldu gabe, jarraitzen duela ikusten badu, beste zazpi egunez edukiko du jendartetik aparte.

6. Zazpi egun horien buruan berriro miatuko du, eta zauria, azalean zabaldu gabe, zurbilduz doala ikusten badu, garbitzat aitortuko du; zorne hutsa da. Gaixoak arropak garbituko ditu eta garbi geldituko da.

7. «Baina apaizarengana joan eta garbitzat aitortua izan ondoren, zornea zabaldu egiten bazaio azalean, apaizarengana agertuko da berriro.

8. Apaizak, miatu ondoren, zornea azalean zabaldu zaiola egiaztatzen badu, kutsatutzat aitortuko du; legen-kasua da.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 13