Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 11:32-47 Elizen Arteko Biblia (EAB)

32. «Horietako piztiaren bat, hil eta gero, edozer gauzaren gainera jausten bada, zurezko nahiz oihalezko, larruzko nahiz zakuzko, edo beste edonolako lan-tresnaren gainera, kutsaturik geldituko da; uretan sartuko duzue eta kutsaturik geldituko da arratsa arte; gero, garbi bihurtuko da.

33. «Horietako piztiaren bat buztinezko edozein ontzitara jausten bada, barruan dagoen guztia kutsaturik geldituko da eta ontzia hautsi egingo duzue.

34. Ontzi horretako ura jangai den zerbaiti botatzen bazaio, kutsaturik geldituko da; halaber, edan daitekeen edariren bati botatzen bazaio, nolanahiko ontzitan dagoela, kutsaturik geldituko da.

35. Piztia horien sarraski-zatiren bat edozer gauzaren gainera jausten bada, kutsaturik geldituko da; labeak eta sutegiak birrindu egingo dituzue: kutsatuak dira eta kutsatutzat edukiko dituzue.

36. «Hala ere, iturri eta urtegiei dagokienez, ur bilduak garbi iraungo du, baina sarraskia uretatik ateratzeko ukitzen duena kutsaturik geldituko da.

37. «Sarraskia hazitarako den ale gainera jausten bada, haziak garbi dirau;

38. baina, alea, gero jateko, urez busti baldin bada, eta sarraski-zatiren bat gainera jausten bazaio, kutsatutzat edukiko duzue.

39. «Jangai duzuen abere bat hiltzen bazaizue, haren sarraskia ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte.

40. Sarraski hartatik jaten duenak bere arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. Sarraskia jaso edo garraiatzen duenak ere arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.

41. «Lur gainean narraska dabiltzan piztiak debekatuak dituzue eta ezin izango dituzue jan.

42. «Sabel gainean nahiz lau zangoen edo gehiagoren gainean narraska dabiltzan piztiak debekatuak dituzue eta ezin izango dituzue jan.

43. Ez ditzazuela zeuen buruak higuingarri bihur, ezta kutsatu ere narraska dabiltzan piztiak direla eta.

44. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa. Gorde garbi zeuen buruak, santu izan zaitezten, ni santua naiz eta. Ez zaitezte kutsa lurrean narraska dabiltzan piztia horiekin.

45. Neu naiz Jauna, zuen Jainko izateko Egiptotik igoarazi zintuztena. Izan zaitezte santu, ni santua naiz eta.

46. «Horra hor abereei, hegaztiei, uretako bizidunei eta lur gainean narraska dabiltzan piztiei buruzko legea,

47. animalia garbi eta kutsatuen artean, jan daitekeen eta jan ezin denaren artean, bereizteko emana».

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 11