Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 8:28-35 Elizen Arteko Biblia (EAB)

28. Josuek Ai hiria erre eta zeharo hondatua utzi zuen, hondakin-pilo bihurtua betiko; eta horrela dirau gaur arte.

29. Erregea, berriz, zuhaitz batetik zintzilikatu zuen arratsa arte; eguzkia sartzean, gorpua zuhaitzetik eraisteko agindu zuen Josuek. Gero, hiriaren sarreran bota eta harri-pilo handia ezarri zioten gainean. Han dago oraindik harri-piloa.

30. Josuek aldarea eraiki zion Jaunari, Israelen Jainkoari, Ebal mendian.

31. Burdinazko tresnaz landu gabeko harri soilez egina zen, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, israeldarrei agindu bezala, beraren lege-liburuan idatzia dagoenez. Aldare gainean erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zituzten.

32. Hantxe bertan, harrien gainean, Moisesek idatzitako legearen kopia idatzi zuen Josuek israeldarren aurrean.

33. Israeldar guztiak, etorkin nahiz bertako, beren arduradun, funtzionario eta epaileekin batera bildurik, kutxaren bi aldamenetan zeuden zutik, Jaunaren itun-kutxa zeramaten apaiz lebitarren aurrean: herri erdia Garizim mendi aldera zegoen eta beste erdia Ebal mendi aldera. Horrela egiteko agindua zuen Moisesek Israel herria lehen aldiz bedeinkatzerakoan.

34. Josuek legearen testu osoa irakurri zuen, baita bedeinkazioak eta madarikazioak ere, lege-liburuan idatzia dagoenaren arabera.

35. Moisesek agindutako guztia irakurri zuen Josuek, hitzik utzi gabe, israeldarren biltzar osoaren aurrean, emakumeak, haurrak eta israeldarren artean bizi ziren etorkinak ere bertan zirela.

Irakurri kapitulu osoa Josue 8