Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 6:16-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Zazpigarrenean, apaizek adarra jotzean, Josuek esan zion herriari: «Egin orain irrintzi, Jaunak zuen menpe jarri baitu hiria!

17. Hiria eta bertan den guztia erabat suntsitu behar da Jaunaren ohorez. Rahab emagaldua eta beronen etxean direnak bakarrik geldituko dira bizirik, guk bidalitako mandatariak gorde zituelako.

18. Baina kontu! Erabat suntsitu behar da guztia. Zeuentzat zerbait hartuko bazenute, suntsipena eta ezbeharra ekarriko zenituzkete israeldarron kanpalekura.

19. Urre-zilar guztia eta brontzezko eta burdinazko ontzi guztiak Jaunarentzat dira eta beronen altxortegira sartuko ditugu».

20. Jo zituzten apaizek adarrak. Adar-hotsa entzutean, herriak izugarrizko irrintzia egin zuen, eta harresiak behea jo zuen. Orduan, gudariek eraso egin zioten hiriari, nork bere aurrean zuen tartetik, eta hartu.

21. Hirian ziren guztiak hil zituzten ezpataz, gizon eta emakume, gazte eta zahar, idi, ardi eta asto.

22. Lurraldea ikertu zuten bi gizonei esan zien Josuek: «Zoazte emagalduaren etxera eta atera bera eta beraren ahaideak, zin egin zenioten bezala».

23. Joan ziren ikertzen ibilitako bi gazteak, eta Rahab, beronen aita-amak, neba-ahizpak eta ahaide guztiak etxetik atera eta israeldarren kanpalekutik kanpora utzi zituzten.

24. Jeriko hiriari eta bertako guztiari su eman zioten; zilar-urreak eta brontzezko eta burdinazko ontziak, berriz, Jaunaren etxeko altxortegira eraman zituzten.

25. Josuek bizirik utzi zituen Rahab emagaldua eta beronen senitarteko eta ahaide guztiak. Israeldarren artean bizi izan zen Rahab, eta haren ondorengoak ere hala bizi dira gaurdaino, Jeriko ikertzera Josuek bidaliak gorde zituelako.

26. Aldi hartan, zin hau egin zuen Josuek: «Madarika beza Jaunak Jeriko hiri hau berreraiki nahi izango duena! Oinarriak botatzea bere seme zaharrenaren biziaz ordainduko du eta ateak ipintzea gazteenarenaz».

27. Jauna Josuerekin izan zen eta haren entzutea herrialde osoan zabaldu zen.

Irakurri kapitulu osoa Josue 6