Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 4:11-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Herri osoak igaro zuenean, Jaunaren kutxak ere igaro zuen ibaia, eta apaizak herriaren aurrean jarri ziren.

12. Ruben eta Gaden leinuetakoak eta Manasesen leinu erdikoak gainerako israeldarren aurretik joan ziren, guda-lerrotan jarririk, Moisesek agindua zien bezala.

13. Berrogei mila gudari armatu igaro ziren Jaunaren aurretik, gudurako prest, Jerikoko lautadarantz.

14. Egun hartan, Jaunak goratu egin zuen Josue israeldar guztien aurrean eta begirune izan zioten denek, lehen Moisesi bizitza osoan begirune izana zioten bezala.

15. Jaunak esan zion, orduan, Josueri:

16. «Agindu itun-agiria daukan kutxa daramaten apaizei Jordandik ateratzeko».

17. Hala egin zuen Josuek.

18. Jaunaren itun-kutxa zeramaten apaizen oinek ibaiertza ukitu bezain laster, Jordango urak beren tokira itzuli eta, lehen bezala, ibai betean joan ziren.

19. Lehen hilaren hamarrean atera ziren israeldarrak Jordandik, eta Gilgalen ezarri zuten kanpalekua, Jerikoren ekialdera.

20. Josuek leku hartan, Gilgalen, ipini zituen Jordanen hartutako hamabi harriak.

21. Eta esan zien israeldarrei: «Bihar edo etzi seme-alabek gurasoei harri horiek zer esan nahi duten galdetzean,

22. hau jakinaraziko diete: “Oinik busti gabe igaro zuen Israelek Jordan ibaia”».

23. Eta honela bukatu zuen Josuek: «Jaunak, zuen Jainkoak, Jordango urak lehortu ditu zuen aurrean zuek igaro ahal izateko, lehen Itsaso Gorria gure aurrean gu igarotzeko lehortu zuen bezala.

24. Horrela, herri guztiek jakingo dute zein indartsu den Jaunaren eskua eta zuek begirune izanen diozue beti Jaunari, zeuen Jainkoari».

Irakurri kapitulu osoa Josue 4