Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 24:5-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Gerora, Moises eta Aaron bidali nituen, Egipto zigortu nuen neure ekintzaz, eta zuek handik irtenarazi.

6. Zuen arbasoak Egiptotik irten eta itsasoraino heldu ziren. Egiptoarrek pertsegitu egin zituzten Itsaso Gorriraino, beren guda-gurdi eta zaldiekin.

7. Zuen arbasoek oihu egin zidaten, eta nik ilunpea jarri nuen haien eta egiptoarren artean, eta itsasoa hauen gainera erorarazi, denak estali zituelarik. Zeuen begiz ikusi zenuten egiptoarrei egin niena. Gero, basamortuan bizi izan zineten luzaro.

8. «Jordanez beste aldean bizi ziren amortarren lurraldera ekarri zintuztedan. Haiek gerra egin zizueten, baina zuen eskuetara eman nituen eta haien lurraldeaz jabetu zineten, suntsitu egin bainituen zuen aurrean.

9. Moabeko errege Balak, Tzipor-en semea, Israeli erasotzera atera zen, eta Beor-en seme Balaam deitu eta ekarri zuen zuek madarikatzera.

10. Nik, ordea, ez nion entzun nahi izan Balaami, eta bedeinkatu egin behar izan zintuzten; horrela libratu zintuztedan haren eskutik.

11. «Jordan ibaia igaro eta Jerikora heldu zineten. Jerikoko bizilagunek gerra egin zizueten, baita amortarrek, periztarrek, kanaandarrek, hititek, girgaxtarrek, hibiarrek eta jebustarrek ere; nik, ordea, eskuetara eman nizkizuen.

12. Liztortzarrak bidali nituen, zuek etorri aurretik amortarren bi erregeak bota zitzaten. Hori ez zenuten zeuen ezpatari eta uztaiari esker iritsi.

13. Izerdirik aterarazi ez dizuen lurraldea eman dizuet, eraiki ez dituzuen hiriak, eta berorietan bizi zarete; baita landatu ez dituzuen mahasti eta olibadiak ere, eta berorien fruituez elikatzen zarete».

14. Eta jarraitu zuen Josuek:—Izan, beraz, begirune Jaunari eta zerbitza ezazue benetan eta leial. Baztertu zeuen arbasoek Eufrates ibaiaren beste aldean eta Egipton zerbitzatu zituzten jainkoak, eta zerbitza ezazue Jauna.

15. Baina Jauna zerbitzatzea ongi iruditzen ez bazaizue, aukera ezazue zein zerbitzatu: zuen arbasoek Mesopotamian zerbitzatu zituzten jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zareten herrialdeko jendearenak, alegia. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu.

16. Herriak ihardetsi zuen:—Inola ere ez dugu Jauna utziko, jainko arrotzak zerbitzatzeko!

17. Jauna dugu geure Jainkoa. Berak atera gaitu gu eta gure arbasoak Egiptotik, esklabotzatik. Geure begiz ikusi ditugu berak egindako mirari handiak. Berak zaindu gaitu egin dugun bide guztian zehar eta berak babestu gaitu igaro ditugun herri guztietatik.

18. Jaunak bota ditu herri guztiak gure aurretik, bereziki lurralde honetan bizi ziren amortarrak. Beraz, guk ere Jauna zerbitzatuko dugu, bera baitugu geure Jainkoa!

19. Josuek esan zion herriari:—Zuek ezin izango duzue Jauna zerbitzatu, Jainko santua baita, beste jainkorik zerbitzatzea onartzen ez duen Jainkoa. Ez ditu zuen errebeldia eta bekatuak jasango.

20. Jauna utzi eta jainko arrotzak zerbitzatzen badituzue, kontra jarriko zaizue eta, hainbeste on egin ondoren, gaizki erabiliko zaituzte eta suntsituko.

21. Herriak erantzun zion Josueri:—Ez! Guk Jauna zerbitzatuko dugu!

22. Josuek esan zien:—Jauna zerbitzatzea aukeratu duzue. Zeuek zarete testigu!Eta haiek:—Bai, testigu gara!

23. Orduan, Josuek:—Ken itzazue, bada, zeuen artean dituzuen sasijainkoen idoloak eta jar zaitezte erabat Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aldean.

Irakurri kapitulu osoa Josue 24