Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 24:18-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Jaunak bota ditu herri guztiak gure aurretik, bereziki lurralde honetan bizi ziren amortarrak. Beraz, guk ere Jauna zerbitzatuko dugu, bera baitugu geure Jainkoa!

19. Josuek esan zion herriari:—Zuek ezin izango duzue Jauna zerbitzatu, Jainko santua baita, beste jainkorik zerbitzatzea onartzen ez duen Jainkoa. Ez ditu zuen errebeldia eta bekatuak jasango.

20. Jauna utzi eta jainko arrotzak zerbitzatzen badituzue, kontra jarriko zaizue eta, hainbeste on egin ondoren, gaizki erabiliko zaituzte eta suntsituko.

21. Herriak erantzun zion Josueri:—Ez! Guk Jauna zerbitzatuko dugu!

22. Josuek esan zien:—Jauna zerbitzatzea aukeratu duzue. Zeuek zarete testigu!Eta haiek:—Bai, testigu gara!

23. Orduan, Josuek:—Ken itzazue, bada, zeuen artean dituzuen sasijainkoen idoloak eta jar zaitezte erabat Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aldean.

24. Herriak erantzun zion Josueri:—Jauna, geure Jainkoa, zerbitzatuko dugu eta beraren esana beteko!

25. Egun hartan, Josuek hitzarmena egin zuen herriarekin, eta legeak eta arauak ezarri zizkion Sikemen.

26. Josuek Jainkoaren legearen liburuan idatzi zituen hitzarmenaren xedapenak. Gero, harri handi bat hartu, Jaunaren santutegi ondoan dagoen artearen azpian zutik ezarri

27. eta esan zion herriari: «Horra, gure kontrako testigantzarako izanen da harri hau, Jaunak esan dizkigun hitz guztiak entzun baititu. Etengabe oroitaraziko dizkizue, zeuen Jainkoa uka ez dezazuen».

28. Ondoren, Josuek bidali egin zuen herria, nor bere ondarera.

29. Gertakari horien ondoren, ehun eta hamar urte zituelarik hil zen Josue, Nunen semea, Jaunaren zerbitzaria.

30. Beraren ondare zen lurraldean ehortzi zuten, Timnat-Serah hirian, Efraimgo mendialdean, Gaax mendiaren iparraldera.

31. Josue bizi izan zen bitartean, israeldarrek Jauna zerbitzatu zuten; baita Josue hil ondoren bizirik jarraitu zuten eta Jaunak Israelen alde eginiko egintzak ikusiak zituzten arduradunak bizi izan ziren bitartean ere.

32. Israeldarrek Egiptotik ekarritako Joseren hezurrak Sikemen ehortzi zituzten, Jakobek Sikemgo buruzagi zen Hamorren semeei zilarrezko ehun txanponetan erosi zien lursailean. Lursail hura Joseren ondorengoen ondare izan zen.

33. Gero, Eleazar, Aaronen semea, hil zen eta Gibean ehortzi zuten, Efraimgo mendialdean, beraren seme Pinhasi eman zioten hirian.

Irakurri kapitulu osoa Josue 24