Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 24:13-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Izerdirik aterarazi ez dizuen lurraldea eman dizuet, eraiki ez dituzuen hiriak, eta berorietan bizi zarete; baita landatu ez dituzuen mahasti eta olibadiak ere, eta berorien fruituez elikatzen zarete».

14. Eta jarraitu zuen Josuek:—Izan, beraz, begirune Jaunari eta zerbitza ezazue benetan eta leial. Baztertu zeuen arbasoek Eufrates ibaiaren beste aldean eta Egipton zerbitzatu zituzten jainkoak, eta zerbitza ezazue Jauna.

15. Baina Jauna zerbitzatzea ongi iruditzen ez bazaizue, aukera ezazue zein zerbitzatu: zuen arbasoek Mesopotamian zerbitzatu zituzten jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zareten herrialdeko jendearenak, alegia. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu.

16. Herriak ihardetsi zuen:—Inola ere ez dugu Jauna utziko, jainko arrotzak zerbitzatzeko!

17. Jauna dugu geure Jainkoa. Berak atera gaitu gu eta gure arbasoak Egiptotik, esklabotzatik. Geure begiz ikusi ditugu berak egindako mirari handiak. Berak zaindu gaitu egin dugun bide guztian zehar eta berak babestu gaitu igaro ditugun herri guztietatik.

18. Jaunak bota ditu herri guztiak gure aurretik, bereziki lurralde honetan bizi ziren amortarrak. Beraz, guk ere Jauna zerbitzatuko dugu, bera baitugu geure Jainkoa!

19. Josuek esan zion herriari:—Zuek ezin izango duzue Jauna zerbitzatu, Jainko santua baita, beste jainkorik zerbitzatzea onartzen ez duen Jainkoa. Ez ditu zuen errebeldia eta bekatuak jasango.

20. Jauna utzi eta jainko arrotzak zerbitzatzen badituzue, kontra jarriko zaizue eta, hainbeste on egin ondoren, gaizki erabiliko zaituzte eta suntsituko.

21. Herriak erantzun zion Josueri:—Ez! Guk Jauna zerbitzatuko dugu!

22. Josuek esan zien:—Jauna zerbitzatzea aukeratu duzue. Zeuek zarete testigu!Eta haiek:—Bai, testigu gara!

23. Orduan, Josuek:—Ken itzazue, bada, zeuen artean dituzuen sasijainkoen idoloak eta jar zaitezte erabat Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aldean.

24. Herriak erantzun zion Josueri:—Jauna, geure Jainkoa, zerbitzatuko dugu eta beraren esana beteko!

25. Egun hartan, Josuek hitzarmena egin zuen herriarekin, eta legeak eta arauak ezarri zizkion Sikemen.

Irakurri kapitulu osoa Josue 24