Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 23:1-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Urte asko zen, Jaunak inguruko etsaiengandik libraturik, Israel bakean bizi zela. Josue zahartua zegoen, adinean aurreratua.

2. Orduan, Josuek Israel herri osoa, arduradunak, buruzagiak, epaileak eta funtzionarioak bildu eta esan zien: «Zahartua nago eta adinean aurreratua.

3. Zeuek ikusi duzue nola jokatu duen Jaunak, zeuen Jainkoak, herri horiekin, zuei tokia egiteko. Izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, borrokatu da zuen alde.

4. Zotz egin eta ondaretzat banatu dizkizuet, suntsitu nituen herrien lurraldeak ez ezik, baita oraindik gelditzen direnenak ere, ekialdean dagoen Jordan ibaitik mendebaldean dagoen Mediterraneo itsasoraino.

5. Jaunak, zuen Jainkoak, berak egotzi eta desjabetuko ditu, zuek beraien lurraldeen jabe egin zaitezten, Jaunak, zeuen Jainkoak, hitzeman dizuen bezala.

6. Izan bihotz eta bete arretaz Moisesen legearen liburuan idatzia dagoen guztia, ezertan ere saihestu gabe.

7. Ez nahasi zuen inguruan gelditzen diren arrotzekin, ez aipatu ere egin horien jainkoen izenak, ez egin zinik beraien izenean, ez gurtu eta ez ahuspeztu beraien aurrean.

8. Aitzitik, iraun ezazue Jaunari, zeuen Jainkoari, atxikirik, orain arte bezala.

Irakurri kapitulu osoa Josue 23