Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 21:12-41-42 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. baina Hebron inguruko lautada eta herrixkak emanak zizkioten jabetzan Jefuneren seme Kalebi;

13-16. eta babes-hiri zen Hebronekin eta beraren herri-lurrekin batera, Libna, Jatir, Extemoa, Holon, Debir, Axan, Juta eta Bet-Xemex. Juda eta Simeonen leinuen ondaretik, beraz, bederatzi hiri eta inguruko herri-lurrak eman zizkieten.

17-18. Benjaminen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri —Gabaon, Geba, Anatot eta Almon— eta inguruko herri-lurrak eman zizkieten.

19. Aaronen ondorengo apaizei, beraz, guztira hamahiru hiri eman zizkieten, eta beraien herri-lurrak.

20. Kehaten ondorengo lebitarren gainerako senitarteei Efraimen leinuaren zenbait hiri atera zitzaien:

21-22. babes-hiri zen Sikem, eta herri-lurrak, Efraimgo mendialdean, eta, gainera, Gezer, Kibtzaim eta Bet-Horon, eta beraien herri-lurrak; guztira lau hiri.

23-24. Danen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri —Elteke, Gibeton, Aialon eta Gat-Rimon— eta herri-lurrak.

25. Eta Manasesen leinu erdiaren ondaretik beste bi hiri —Taanak eta Ibleam— eta herri-lurrak.

26. Beraz, Kehaten ondorengoen gainerako senitarteei, guztira, hamar hiri eman zizkieten, herri-lur eta guzti.

27. Gerxonen ondorengoen lebitar senitarteei bi hiri eman zizkieten Manasesen beste leinu erdiaren ondaretik: babes-hiri zen Golan, Baxanen, eta Beextera, beraien herri-lur eta guzti.

28-29. Isakarren leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri —Kixion, Daberat, Tarmut eta En-Ganim— eta herri-lurrak.

30-31. Axerren leinuaren ondaretik ere lau hiri —Mixal, Abdon, Helkat eta Rehob— eta herri-lurrak.

32. Eta Neftaliren leinuaren ondaretik hiru hiri —babes-hiri zen Kedex, Galilean, Hamot-Dor eta Kartan— eta herri-lurrak.

33. Gerxonen ondorengo senitarteei, guztira, hamahiru hiri eman zizkieten, beraien herri-lur eta guzti.

34-35. Gainerako lebitarrei, hots, Merariren ondorengo senitarteei, lau hiri eman zizkieten Zabulonen leinuaren ondaretik: Jokneam, Karta, Rimon eta Nahalal, herri-lur eta guzti.

36-37. Rubenen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri Jordanez beste aldera, Jeriko parean: babes-hiri zen Betzer, Jahtza, Kedemot eta Mefaat, herri-lur eta guzti.

38-39. Gaden leinuaren ondaretik ere lau hiri —babes-hiri zen Ramot, Galaaden, Mahanaim, Hexbon eta Jazer— herri-lur eta guzti.

40. Merariren ondorengo senitarteei, guztira, hamabi hiri eman zizkieten.

41-42. Beraz, israeldarrek berrogeita zortzi hiri eman zizkieten beren jabetzatik lebitarrei, hiri bakoitza beronen herri-lur eta guzti.

Irakurri kapitulu osoa Josue 21