Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 2:11-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Hori guztia jakitean, adoregabeturik, arnasa ere galduta gelditu gara zuen aurrean. Izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, Jainko da goian zeruan eta behean lurrean.

12. Nik leial jokatu dut zuekin. Zin egidazue Jaunarengatik, zuek ere leial jokatuko duzuela nire senitartearekin. Emadazue ezaugarri segurua,

13. eta hitzemadazue bizirik utziko dituzuela gure aita-amak, gure nebak eta ahizpak eta ahaide guztiak, eta ez gaituzuela hilko.

14. Gizonek erantzun zioten:—Geure bizia zuenaren ordain, baldin eta salatzen ez bagaituzu. Jaunak lurralde hau emango digunean, zintzo eta leial jokatuko dugu zurekin.

15. Orduan, emakumeak soka batez leihotik behera eraitsi zituen, haren etxea harresiko hormari atxikia baitzegoen.

16. Eta esan zien:—Zoazte mendira, zuen bila dabiltzanek harrapa ez zaitzaten. Egon bertan hiru egun ezkutaturik, zuen pertsegitzaileak hirira itzuli arte. Gero, jarraitu zeuen bideari.

17. Gizonek erantzun zioten:—Guk eutsiko diogu eginarazi diguzun zinari, zuk honako baldintza hauek betetzen badituzu:

18. gu herrialde honetan sartzean, lotu hari gorrizko lokarri hau gu eraitsi gaituzuneko leihoan, eta bildu zeurekin etxean zeure gurasoak, senideak eta ahaide guztiak.

19. Zuetariko norbait etxetik atera eta hiltzen badute, berarena izango da errua eta gu errugabe izanen gara. Baina, etxean egonik, norbaitek zuetakoren bat hiltzen badu, gurea izango da errua.

20. Baina salatzen bagaituzu, aske geldituko gara eginarazi diguzun zinetik.

21. Emakumeak erantzun zien:—Ongi. Hala bedi!Eta agur egin zien. Alde egin zutenean, emakumeak lokarri gorria lotu zuen leihoan.

22. Bi gizonak mendira joan eta bertan gelditu ziren hiru egunez, pertsegitzaileak, alde guztietan bila ibili ondoren aurkitu ez zituztelarik, hirira itzuli ziren arte.

23. Orduan, bi gizonek menditik jaitsi eta ibaia igaro zuten. Eta, Nunen seme Josuerengana itzulirik, gertatu zitzaien guztiaren berri eman zioten,

24. esanez: «Benetan, gure eskuetan jarri du Jaunak lurralde osoa. Herrialde horretako jende guztia ikaraz dago gure aurrean».

Irakurri kapitulu osoa Josue 2