Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 18:7-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Lebitarrek ez dute lurralde-zatirik izango besteok bezala, beraien ondarea Jaunaren apaiz izatea baita. Gaden eta Rubenen leinuek eta Manasesen leinu erdiak, berriz, hartua dute beren ondarea Jordanez beste aldera, ekialdera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, emanik».

8. Lurraldearen planoa egin behar zuten gizonei, abiatzerakoan, Josuek agindu hau eman zien: «Zoazte, ibili lurraldean barna eta egizue bertako planoa. Gero, itzuli niregana eta nik hemen, Xilon, Jaunaren aurrean, zotz egingo dut».

9. Joan ziren, bada, gizon haiek, lurraldea zeharkatu eta marraztu zuten planoa, hirien arabera lurraldea zazpi zatitan banatuz. Gero, Josuerengana itzuli ziren, Xiloko kanpalekura.

10. Josuek zotz egin zuen Xilon, Jaunaren aurrean, eta lurraldea banatu zien israeldarrei, prestaturiko zati-banaketaren arabera.

11. Zotz egin eta Benjaminen leinuari egokitu zitzaion lehenengo. Benjamindar senitarteei ateratako ondare-zatia Judaren leinuarenaren eta Joseren ondorengoenaren artean zegoen.

12. Haren muga, iparraldetik, Jordanen hasten zen, Jerikoren iparraldeko saihetsetik igo eta, mendialdetik mendebalderantz jarraituz, Bet-Aben basamortura heltzen zen.

13. Handik Luz hirira jotzen zuen, Luzen —hau da, Betelen— hegoaldetik igaroz, eta gero Bet-Horon Azpikoaren hegoaldean dagoen mendian barrena, Atrot-Adarrera jaisten zen.

14. Mendebaldetik, mugak norabidea aldatu eta Bet-Horonen aurrean dagoen menditik hegoalderantz hartzen zuen, Kiriat-Baal edo Kiriat-Jearim hiriraino helduz. Hiri hau Judaren leinukoa zen. Hau zen Benjaminen leinuaren mendebaldeko muga.

15. Hegoaldean mugak, Kiriat-Jearimen hasi eta Iim aldera jotzen zuen, Neftoah errekastoaren iturbururaino helduz.

16. Gero, Ben-Hinom haranaren aurreko mendiaren ertzeraino jaisten zen, refatarren lautadaren iparraldera, eta, Ben-Hinom haranean behera, jebustarren hiria zegoeneko mendi-hegiaren hegoaldetik igaroz, En-Rogeleraino heltzen zen.

17. Handik iparralderantz bihurtzen zen, En-Xemex eta Adumimerako aldapa parean dagoen Gelitotera heltzeko. Gero, Rubenen seme Bohan-en Harkaitzera jaisten zen.

18. Handik, Araba haranera begira, iparraldera dagoen maldan behera, Araba haranera jaisten zen,

19. eta, Bet-Hoglaren iparraldeko malda igaroz, Itsaso Hilera heltzen zen, Jordan ibaia itsasoratzen den lekuan. Hau zen Benjaminen leinuaren hegoaldeko muga.

20. Ekialdeko muga Jordan ibaia zen.Horra, bada, Benjaminen leinukoei senitarteka banaturiko ondarearen mugak.

21. Benjaminen leinuko senitarteek honako hiri hauek zituzten: Jeriko, Bet-Hogla, Emek-Ketzitz,

22. Bet-Araba, Tzemaraim, Betel,

23. Abim, Para, Ofra,

Irakurri kapitulu osoa Josue 18