Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 17:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Hona hemen Joseren seme zaharrena zen Manasesen leinuari eroritako lurralde zatia.Makir, Galaaden aita, Manasesen seme zaharrena zen eta, gerrazalea zenez, Galaad eta Baxan lurraldeak eman zizkioten ondaretzat, Jordanez ekialdera.

2. Manasesen beste sei semeen ondorengoei ere, Abiezer, Helek, Asriel, Sikem, Hefer eta Xemidaren ondorengoei, alegia, beren ondarea izendatu zieten, senitarteka banatua. Horiek ziren Joseren seme Manasesen semeak.

3. Tzelofhadek, ordea —Tzelofhad Heferren semea zen, hau Galaadena eta hau Manasesen seme Makirrena—, ez zuen semerik izan, alabak baizik; alaben izenak Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza ziren.

4. Emakume haiek Eleazar apaizarengana, Nunen seme Josuerengana eta herriko arduradunengana joan eta esan zieten: «Guri ere gure senideei bezala ondarea emateko agindu zion Jaunak Moisesi». Orduan, Jaunaren aginduaren arabera, ondare-zatia eman zieten beren aitaren anaiei bezala.

5. Beraz, Manasesen leinuari hamar zati egokitu zitzaizkion Jordanez mendebaldera, Jordanez beste aldera zituen Galaad eta Baxan lurraldeez gainera.

6. Izan ere, Manasesen emakumezko ondorengoek beren ondarea hartu zuten, gizonezkoek bezala, eta Galaad lurraldea Manasesen beste ondorengoentzat izan zen.

7. Manasesen lurraldearen muga, Axerren hasi eta Sikemen aurrean dagoen Mikmetatera zihoan; handik hegoaldera jarraitzen zuen, En-Tapuah aldera.

8. (Tapuah inguruko lurraldea Manasesen leinukoena zen, baina Manasesen muga-ertzean zegoen Tapuah hiria bera efraimdarrena zen).

9. Gero, Kana errekaraino jaisten zen muga. Errekaz hegoaldeko hiriak Efraimen leinuak Manasesen lurraldean zituenak ziren. Manasesen muga errekaren iparraldeko ertzetik zihoan eta Mediterraneo itsasoan bukatzen zen.

10. Efraim hegoaldera zegoen eta Manases iparraldera, bien muga mendebaldera itsasoa zelarik. Ipar-mendebaldera Manasesen lurraldeak Axerrenarekin zuen muga, eta ipar-ekialdera Isakarrenarekin.

Irakurri kapitulu osoa Josue 17