Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 14:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Hona hemen Kanaan lurraldean israeldarrek hartu zuten ondarea. Eleazar apaiza, Nunen seme Josue eta Israelgo leinuetako senitarteburuak arduratu ziren ondare-banaketaz.

2. Jaunak Moisesen bidez agindu bezala, zotz eginez izendatu zitzaien lurraldea bederatzi leinuri eta Manasesen leinu erdiari.

3-4. Beste bi leinuei eta Manasesen leinu erdiari Moisesek emana zien jadanik ondarea Jordan ibaiaz ekialdera. Joseren ondorengoak bi leinutan banatzen ziren: Manases eta Efraim. Moisesek Lebiren leinukoei ez zien lurralde-zatirik eman, gainerako leinuei bezala, zenbait hiri baizik, inguruetako lurrekin batera: hiriak beraiek bizitzeko, eta herri-lurrak artalde eta aziendentzat.

5. Jaunak Moisesi agindu bezala banatu zuten israeldarrek lurralde hura.

6. Behinola, Judaren leinuko batzuk Josuerengana etorri ziren, Gilgalera, eta haietariko batek, Jefuneren seme Kaleb keniztarrak, esan zion: «Badakizu zer esan zion Jaunak Moisesi, Jainkoaren gizonari, zuri eta niri buruz Kadex-Barnean.

7. Berrogei urte nituen Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali ninduenean; barruak agintzen zidan eran eman nion hemengo berri.

8. Nirekin etorri zirenek adoregabetu egin zuten herria; ni, ordea, Jaunarekiko, ene Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzen.

9. «Moisesek zin egin zidan orduan, ikertzen ibili nintzen lurraldea nirea eta nire ondorengoena izango zela betiko ondare, Jaunarekiko, beraren Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzelako.

10. Eta begira, bada berrogeita bost urte Jaunak Moisesi hura esan ziola, Israel herria basamortuan barrena zebilela. Jaunak orain arte biziarazi nau, berak hitzeman bezala, eta baditut laurogeita bost urte.

Irakurri kapitulu osoa Josue 14