Itun Zaharra

Itun Berria

Josue 1:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Moises, Jaunaren zerbitzaria, hil zenean, Jaunak esan zion Moisesen laguntzaile zen Josueri, Nunen semeari:

2. «Hil da Moises, ene zerbitzaria. Orain, abia zaitez, igaro Jordan ibaia Israel herri osoarekin, ematen diodan lurralderantz joateko.

3. Zuen oinek zapalduko duten lurralde guztia emango dizuet, Moisesi hitzeman bezala.

4. Zuen lurraldea hegoaldeko basamortutik iparraldean dagoen Libanoraino eta ekialdeko ibai handitik, Eufratesetik, hititen lurraldean zehar, mendebaldean dagoen Mediterraneo itsasoraino hedatuko da.

5. «Ezin izango dizu inork ere aurre egin bizi zaren artean, zurekin izango bainaiz, Moisesekin izan nintzen bezala; ez dizut huts egingo, ez zaitut utziko.

6. Izan bihotz eta adore, zuk eskuratuko baitiozu herriari, zuen arbasoei zin eginez agindutako lurraldea.

7. Izan, bada, bihotz, izan adore handia! Saia zaitez Moisesi, ene zerbitzariari, eman nion legea betetzen, hartatik ezertan ere saihestu gabe; horrela, ongi burutuko dituzu egintza guztiak.

8. Ez utzi lege-liburua irakurtzeari, hausnar ezazu gau eta egun, eta saiatu bertan idatzia betetzen; horrela, ongi aterako zaizkizu ekinbide guztiak.

9. «Kementsu eta adoretsu izateko esan dizut. Ez ikaratu, ez kikildu, ni, Jauna, zure Jainkoa, zurekin izango bainaiz zure ibilera guztietan».

10. Orduan, agindu hau eman zien Josuek herriko funtzionarioei:

11. «Joan kanpalekuan barna eta esan herriari: “Prestatu biderakoak, zeren eta hiru egunen buruan Jordan ibaia igaroko baituzue, Jaunak, zeuen Jainkoak, jabetzan ematen dizuen herrialdeaz jabetzera joateko”».

12. Ruben eta Gaden leinuetakoei eta Manasesen leinu erdikoei esan zien Josuek:

13. —Gogora ezazue Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu zizuena: «Jaunak, zeuen Jainkoak, atseden harrarazi dizue lurralde hau zuei emanez.

Irakurri kapitulu osoa Josue 1