Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 7:6-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. arrotza, umezurtza eta alarguna esplotatzen ez badituzue, lurralde honetan odol errugaberik isurtzen ez baduzue eta, zeuen buruari kalte eginez, beste jainkoen ondoren ibiltzen ez bazarete,

7. orduan, zuekin biziko naiz toki honetan, zuen gurasoei aspaldidanik eta betiko eman nien lurraldean.

8. «Ezertarako ez diren gezurrezko arrazoietan sinesten duzue.

9. Izan ere, lapur, hiltzaile eta adulteriogile izan, gezurretan zin egin, Baali intsentsua erre, zuekin zerikusirik ez duten jainko arrotzen atzetik ibili

10. eta, ondoren, nire aurrera zatozte, niri sagaratua dagoen tenplu honetara, “Seguru gaude” esaten duzuela, segidan egintza higuingarri guztiok egiten jarraitzeko.

11. Lapur-zulotzat ote daukazue niri sagaratua dagoen tenplu hau? Horixe da, hain zuzen ere, ikusten ari naizena. Hala diot nik, Jaunak.

12. Zoazte, bada, Xiloko nire santutegira, antzina nire egoitza izateko aukeratu nuen tokira; ikusi zer egin nion, neure herri Israelen gaiztakeriagatik.

13. Orain, bada, gaiztakeria hauek egin dituzuelako, nik etengabe hitz egin baina zuek entzun ez eta nik dei egin baina zuek erantzun ez didazuelako, hona nik, Jaunak, esan:

14. Xiloko santutegiari egin niona bera egingo diet niri sagaratua dagoen eta zuen segurtasunaren euskarri den tenplu honi eta zuen gurasoei eta zeuei eman nizuen lurralde honi:

15. jaurti egingo zaituztet neure aurretik, lehen zuen senideak, Efraimen ondorengoak, jaurti nituen bezala.

16. «Zuk, ordea, Jeremias, ez eskatu herri honen alde, ez egin erregurik, ez otoitzik. Ez etorri arrenka niregana, ez dizut entzungo eta.

17. Ez al duzu ikusten zertan ari diren Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan?

18. Seme-alabek egurra biltzen dute, gurasoek sua pizten eta emakumeek orea egiten, Istar-i, zeruko erregina deitzen diotenari, opilak eskaintzeko; gainera, jainko arrotzei isur-opariak eskaintzen dizkiete, ni iraintzeko.

19. Baina, ni ez, baizik beren buruak dituzte iraintzen beren lotsarako.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 7