Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 52:8-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Babiloniar gudarosteak, ordea, Sedekias erregearen ondoren joan eta Jerikoko lautadan harrapatu zuen, beronekin ziren gudariak sakabanatu zirelarik.

9. Erregea atzeman ondoren, Hamat eskualdeko Riblara eraman zuten, Babiloniako erregearen aurrera. Honek epaia eman zion.

10. Sedekiasen semeei lepoa moztu zieten aitaren aurrean, Riblan bertan, baita Judako buruzagiei ere.

11. Sedekias, begiak leherrarazi ondoren, katez loturik, Babiloniara eraman zuen Nabukodonosorrek eta presondegian eduki hil arte.

12. Babiloniako Nabukodonosorren erregealdiko hemeretzigarren urtean, bosgarren hilaren hamarrean, Nebuzaradan, Babiloniako erregearen funtzionario eta guardiaburua, etorri zen Jerusalemera.

13. Su eman zien Jaunaren etxeari, jauregiari eta Jerusalemgo etxeei, handikienei batez ere.

14. Eta guardiaburuarekin batera zetorren babiloniar gudarosteak Jerusalemgo harresi guztia bota egin zuen.

15. Ondoren, Nebuzaradan guardiaburuak erbesteratu egin zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, baita Babiloniako erregearen alde jarri zirenak eta artisauak ere.

16. Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak landu zitzaten.

17. Babiloniarrek zatikatu egin zituzten Jaunaren etxean zeuden brontzezko zutabeak, orgak eta uraska handia, eta Babiloniara eraman zuten brontzea.

18. Kulturako erabili ohi ziren brontzezko tresna guztiak ere hartu zituzten: eltzeak, palak, labanak, isipu-ontziak, katiluak.

19. Guardiaburuak, gainera, urre nahiz zilar hutsezko tresnak hartu zituen: errautsontziak, intsentsu-ontziak, isipu-ontziak, eltzeak, argimutilak eta katiluak.

20. Ezin zen jakin zenbat pisatzen zuen brontzeak: Salomonek tenplurako eginak ziren bi zutabeen, hamabi zezen euskarri zituen uraskaren eta orgen brontzeak.

21. Bi zutabeak berdinak ziren: bederatzina metro zuten gora eta seina metroko zirkunferentzia, barrutik hutsak, eta brontzearen lodiera zortzi zentimetrokoa.

22. Gainean bi metro eta erdiko brontzezko kapitel bana zuten, kapitel bakoitza brontzezko sare eta granadaz inguratua zelarik.

23. Laurogeita hamasei granada nabari ziren. Guztira, ehun granada zeuden sarearen inguruan.

24. Guardiaburuak atxilotu egin zituen Seraias apaizburua, Sofonias apaiz laguntzailea eta hiru atezainak.

25. Hirian, berriz, gudarien arduradun zen ofizial bat, erregearen zerbitzura zeuden zazpi gizon, gudarien izenak hartzen zituen guda-idazkari bat eta, hauekin batera, beste hirurogei handiki atxilotu zituen, denak Jerusalemen gertatu baitziren.

26. Nebuzaradan guardiaburuak hartu eta Riblara eraman zituen, Babiloniako erregeagana,

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 52