Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 52:4-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Sedekiasen erregealdiko bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, Babiloniako errege Nabukodonosor Jerusalemen kontra etorri zen gudaroste osoarekin eta setiatu egin zuen, inguru guztian harresia eraikiz.

5. Sedekias erregearen hamaikagarren urtea arte egon zen setiatua Jerusalem.

6. Urte hartan janaria ahitu zen hirian eta jendearen gosea izugarria zen. Laugarren hilaren bederatzian,

7. zuloa ireki zuten barrukoek harresian, eta hiriko gudari guztiek ihes egin zuten; atera ziren gauez erregearen lorategi ondoan zegoen bi harresien arteko atetik —babiloniarrek setiaturik zeuden arren— eta Araba aldera alde egin zuten.

8. Babiloniar gudarosteak, ordea, Sedekias erregearen ondoren joan eta Jerikoko lautadan harrapatu zuen, beronekin ziren gudariak sakabanatu zirelarik.

9. Erregea atzeman ondoren, Hamat eskualdeko Riblara eraman zuten, Babiloniako erregearen aurrera. Honek epaia eman zion.

10. Sedekiasen semeei lepoa moztu zieten aitaren aurrean, Riblan bertan, baita Judako buruzagiei ere.

11. Sedekias, begiak leherrarazi ondoren, katez loturik, Babiloniara eraman zuen Nabukodonosorrek eta presondegian eduki hil arte.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 52