Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 44:26-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

26. Baina entzun ongi, Egipton bizi zareten judatarrok, nik, Jaun honek, nire izen handiagatik zin eginez, esaten dizuedan hau: Zuetako inork ez du aipatuko nire izena Egipto osoan, “Ala Jainko Jaun bizia!” esanez.

27. Erne nago, bai, baina ez zuen onerako, kalterako baizik: Egipton zaudeten judatar guztiak gerraz eta goseak galduko zarete, denok galdu ere.

28. Gerratik ihes egindako banaka batzuk bakarrik itzuliko dira Egiptotik Judara. Orduan jakingo duzue Judatik ihes egin eta Egiptora etorri zaretenok, noren hitza betetzen den, nirea ala zuena.

29. Hemen bertan zigortuko zaituztet. Eta froga bat emango dizuet zuen aurkako nire mehatxuak egiaz beteko direla jakin dezazuen:

30. Hofra faraoia, Egiptoko erregea, bera hil nahian dabiltzan etsaien esku jarriko dut, Judako errege Sedekias, bera hil nahian zebilen Babiloniako errege Nabukodonosorren esku jarri nuen bezala».

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 44